Nafarroako abeltzainak, EHNEk deituta, Iruñeako Merindades Plazan kokaturiko Madrilgo Gobernuaren Ordezkaritzaren egoitzaren aitzinean elkartu ziren otsailaren 18an protesta egiteko. Baserrien giltzak, beraien ogibidea, eskuetan eraman zituzten eta ekintza sinboliko batean, plaza nagusitzen duen iturrira bota zituzten, azaltzeko baserri aunitz ixteko zorian daudela. Izan ere, gaur egungo porrot ekonomiko egoeraren ondorioz baserriak itotzen ari dira.
EHNEren ustez, “onartezina dira ekoizteko kostuen igoera, jatorrizko prezioen gelditasuna eta merkatuaren katearen funtzionamendu eskasa, gainera banatzaile erraldoien menpe. Honek guztiak trabak jartzen dizkio abeltzainari ekoizteko kostuak jatorrizko prezioetan islatzerakoan eta jarduera ekonomiko hau desagertzera eramaten ditu”.
EHNEk emandako datuen arabera, “pentsu konposatuek azken sei hilabeteotan 10 zentimo kilo bakoitzeko garestitu dira. Hauxe ekoizteko kostuak %30an handitu ditu, fabrikatzeko erabiltzen diren zerealen prezioen igoera izugarriaren ondorioz, aldi berean, zerealetan erabili ohi den etorkizunerako merkatuetan mugimendu espekulatiboak sartu dira. Banatzaile erraldoiek ere egoera hau sortarazten dute, izan ere, nekazari eta abeltzainak arauak modu zorrotzean betetzea behartzen dituzte, banatzaile erraldoiek, berriz, etiketatzeko arauak, behin eta berriz, ez dute betetzen, kontsumitzaileak engainatuz, administrazioaren pasibotasunaren aurrean”.
Aldi berean, nekazaritzako gasolioaren prezioa izugarri altxatu da, litroko 0,55 eurotik 0,90 eurora. Honek azken urteotan igoerak %27an pilatu ditu eta 2011. buruan prezioak igoko diren aurreikuspenarekin. Beraz honekin batera fitosanitarioak, plastikoak edota ongarritzeko gaiak ere garestitu dira.
Jatorrizko prezioak, lurretik
Abeltzainek aurtengo otsailaren erdialdean jasotako prezioak 2008koak baino baxuagoak dira. Izan ere, soilik haragitako behien eta esnetako ardien sektoretan mantendu dira berdin azken urteotan.
Esnetako behietan jatorrizko prezioa 10 zentimo jaitsi dira eta haragitako ardiaren ere prezioak bera doaz, 2008.urtean 50,95 euro kobratu baitute arkume bakoitzeko eta, aurten berriz 45 euro soilik.
Zerriak dituzten abeltzainen etekin tarte garbia egun negatiboak dira. Izan ere, zerriak gizontzeko ekoizpenetan (100-105 kg), kilo bakoitzeko zerria ekoizteak 1,18€/kg-ko kostuak baditu, jatorrizko prezioak berriz, 1,07 € kilo bakoitzekoak dira.
Haragitarako behietan, zenbakiek galerak ere ematen dituzte, ekoizteko kostuak 1,92 € kilo bakoitzekoa baita eta, kilo bat aratzea 3,95 eurotan dago.
Untxi ekoizleek ere diru-galerak aski dituzte. Saltzen duten kilo bat haragiaren trukez, 1,58 euro jasotzen dute, aldiz, 1,88 euro kilo bakoitzeko dira ekoiztekok ostuak. Hau da, ekoizleak egunoroko lanean etekin tarte negatiboak dituzte.
Kontzentrazio honen bitartez, gizarte osoa krisian murgildurik dagoela onartuz, EHNE argi utzi nahi izan zuen “abeltzaintzaren egoera egun inoiz bizi dugun beltzena dela”. Aldi berean, sindikatuak egoera larri honen aurrean duen iritzia eta neurri ezberdinak proposatuko dizkio Begoña Sanzberrori datorren otsailaren 23an, nekazaritzako kontseilariarekin izanen duen bileran.