Larretxeatarrak ez dira aurten Urrezko Aizkolarien finalean izanen

TTIPI TTAPA 2011ko otsailaren 22a

Larretxeatarrek ez dute aurten txapela janzterik izanen. Artxiboko argazkiak

Donato eta Oihan Larretxeak, egungo txapeldunek, ez dute aurten Binakako Urrezko Aizkolarien txapelik jantziko, otsailaren 20n Espejon (Araba) Azurmendiren eta Atutxaren aurka jokatutako finalerdia galdu egin baitzuten. Azken hauek igande honetan jokatuko dute finala Mugertza II.aren eta Arrospideren aurka.

Sei lan izan zituzten aizkolariek. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren. Hori Azurmendik eta Atutxak irabazi zuten, enborra 32 kolpetan erdibituta, lauren aldea kenduz. Gero, kana-erdikoa zutik moztu behar zuten, eta proba horretan larretxeatarrak izan ziren onenak, enborra minutu eta 25 segundotan moztuz, eta aurkariei bederatzi segundoko tartea ateraz. Hirugarren lanean, erlojuaren kontra bi 45 ontzako moztu behar zituzten, eta hori nafarrek irabazi zuten. 1.41 izan zen egin zuten denbora, lau segundogatik irabazteko. Une horretan Donato eta Oihan aitzinetik ziren, bederatzi segundoko aldearekin.

Hortik aitzinera, ordea, Azurmendi eta Atutxa izan ziren nagusi. 45 ontzako enborra zutik eta etzanda mozten irabazi egin zuten, bi segundoko tartea kenduz. 2.04 izan zen irabazleen denbora. Gero bi 60 ontzako mozten ere gailendu egin ziren. 5.19ko denbora egin zuten, ordura arteko abantaila beste bi segundotan handituz. Hala ere, iraupen proban erabaki zen lehia. Bi kana-erdiko eta lau 60 ontzako moztu behar zituzten, eta lanak 12 minutu eta 20 segundotan burutu zituzten irabazleek; 13 minutu eta 17 segundotan, berriz, Donatok eta Oihanek. Lan guztiak egiteko, 23 minutu eta 34 segundo behar izan zituzten Azurmendik eta Atutxak eta 24 minutu eta 16 segundo, berriz, Larretxeak aita-semeek.

 

Finalak otsalaren 27an Azpeitian

Final guztiak datorren igande eguerdian jokatuko dira Azpeitian, Izarraitz pilotalekuan. Urrezkoan, Mugertza II.a eta Arrospide Azurmendiren eta Atutxaren aurka neurtuko dira. Zilarrezkoan, Dorronsoro eta Mugertza III.a Manolo eta Julen Kañamaresen aurka arituko dira, eta gazteetan, Otaño eta Zabaleta Saralegiren eta Vicente II.aren aurka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun