Antzerkia eta musika maite duenak Saran huts egin ezin diren hitzorduak izanen ditu ortziraletik igandera, Asteburu Kulturalean. Ortziral arratsean eta igande arratsaldean antzerkia izanen da eta larunbatean musika gaualdia Usopopo elkartearen eskutik, Anari kantaria afitxa buru dela.
Ortziral gauean Usopop elkarteak Hau dela hori dela antzerkia antolatuko du. Eleka konpaniaren antzerkia, ipuinen mundu misteriotsuan oinarritzen da. 50 minutuko obra huntan gure haurtzaroko ixtorio, munstro eta giro bereziak berriz deskubritzen ditugu antzerkigintzak ekartzen duen umore eta freskotasun handi batekin. Kondaira, musika eta antzerkia nahasiz, Kattalin Salaberry eta Jokin Irungaray jokolariek publikoa Japoniatik Afrikara eta Afrikatik Euskal Herriko xokoetara pasa araziko dute.
Publiko zabal bati zuzendua da, izan dadin haur tarrotu (7 urtetik goiti), adin zuhurreko jendeari edo euskara ikasten duteneri.
18:30ean hasiko da Lurberri gelan, musutruk.
Musika gaualdia larunbatean
Larunbatarekin, joan den martxoan sortu zen Usopop kultur elkarteak usoen kontrapasa aprobetxatuko du kalitateko musika gaualdi bat antolatzeko.
Kontrapasa uda huntan iragan zen festibalaren neguko edizioa da. Joan den agorrilean Lizarrietan, naturan murgilduta 400 pertsona bildu ziren 'indie' eszenak eskaintzen dituen talde interesgarri batzuk ospatzeko. Alabaina, negua izanki, aldi huntan ez da kanpoan eginen, baizik eta Lurberri gelan.
Beste behin ere, kalitateko programazio bat prestatu dute antolatzaile gazteek. Anari azkoitiarra da afitxa burua eta Irla izan azken obra zoragarria aurkeztera heldu da. Baina kontrapasa, ezagutuak ez diren artista bikain batzuen ezagutzeko aukera da: Leopold Skin eta amerikar kutsua duen haren folk-rocka eta Piano Chat gizon orkestra harrigarria. Pop folk edo rock doinuen ondotik gaua giro dantzagarri batean bukatzeko Martouf ziburutarrak elektro doinuak botako ditu eta Cindjrella diska jartzaile heletarrak hainbat musika estilo talkaraziko ditu.
Gaualdia 20:00etatik goiti hasiko da. Bertan jaki eta edari goxoak izanen dira. Musikazale edota kuriosentzako gaualdi aproposa da. Sartzea 9 euro.
Errautsak antzeslana igande arratsaldean kiroldgian
Asteburu aberats hau igande arratsaldean eginen den Errautsak antzezlanaren aurkezpenarekin bukatuko da, ikastolak eta Usopopek antolatua. Euskal Herrian barna kristoin arrakasta lortzen ari den antzerkia ikusteko aukera huts ezina da. Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariek maisulan bat idatzi dute publikoa irri, nigar eta gogoetaraziz. Goi mailako sei aktorek lan bikaina egiten dute, ipuina tragedia eta komediaren artean den mugan dantza araziz.
Ixtorioak lagunak izan ziren pertsonen berrelkartzea kondatzen du. Bilera Odei lagun ohiaren ehorzketen kari eginen da. Bertan gaztaroko oroitzapenak eta gaurko desilusioak ukanen dituzte aipagai. Ximun Fuchs, Ander Lipus , Miren Gaztanaga, Manex Fuchs, Ainara Gurrutxaga eta Urko Redondo jokolariek Euskal Herriko herrialde desberdinetatik heldu diren pertsonaiak taularatzen dituzte eta bakoitzak jatorrizko euskalkia erabiltzen du.
18:00etan hasiko da kiroldegian, 10 eurotan.