40. ediziora ailegatu da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Urteak joan urteak etorri, udaberriroko lehen mailako kultur ekitaldia bihurtu da. Aurtengo Txapelketa Tafallan abiatuko da otsailaren 19an eta apirilaren 9an amaituko, Iruñean eginen den finalarekin.
Osotara, 27 bertsolarik hartuko dute parte Nafarroako Bertsolari Txapelketan, iazko kopuru bera. Hala ere ez dira iazko berdinak, bost bertsolari berrik estrainekoz arituko baitira Txapelketan: Lesakako Josu Sanjurjo eta Iban Garro, Iruñeko Ainhoa Aranburu eta Irati Majuelo eta Berako Patxi Castillo. Horrez gain, iaz parte hartu ez zuen Xabier Silveira txapeldun ohiak berriro hartuko du parte aurtengoan.
Azken urteotako egitura du Nafarroako Bertsolari Txapelketak: lau azken-laurden, hiru finalaurreko eta finala. Tafallaz gain, lehen fasean Irurtzunen (otsailaren 20an), Donezteben (otsailaren 26an) eta Berriozaren (otsailaren 27an) izanen dira saioak. Finalaurrekoak, berriz, Beran (martxoaren 12an), Leitzan (martxoaren 19an) eta Elizondon (martxoaren 26an) eginen dira.
Aspaldiko partez, finala Iruñean
Finala da aurtengo nobedaderik handiena, aspaldiko partez Iruñera itzuliko baita Txapelketako finala. Apirilaren 9an izanen da, Labrit pilotalekuan, eta horretan zortzi bertsolari arituko dira. Ohi bezala, bertsolaritzaren eta oro har euskal kulturaren festa handia izanen da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala. Azken aldiz, 1993an jokatu zen finala Iruñean, Gaiarre antzokian.
Larunbatean lehen final laurdeneko saioa Tafallan
Baina hori baino askoz ere lehenago Tafallan abiatuko da Txapelketa. Otsailaren 19ko saioa Santa Maria parrokiako aretoan izanen da, 17:30ean hasita. Sei bertsolari arituko dira taula gainean: Xabier Terreros lesakarra, Miel Mari Elosegi “Luze” eta Jose Luis Barberia “Zili” leitzarrak, Ander Fuentes “Itturri” zubietarra, Egoitz Gorosterrazu iturendarra eta Ainhoa Aranburu iruindarra. Sarrera bost eurokoa da, hiru euro Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 16 urtetik beherakoentzat.
Igandean Irurtzunen
Otsailaren 20an, igandean berriz, Irurtzungo Kultur Etxean eginen da saioa 17:30ean hasita. Sei bertsolari izanen dira taula gainean: Eneko Lazkoz etxarriarra, Iñigo Olaetxea lesakarra, Oier Lakuntza eta Irati Majuelo iruindarrak, Bittor Elizagoien arraioztarra eta Ekaitz Astiz iraizoztarra. Aurkezle lanetan Xabier Maia arituko da. Sarrera bost eurokoa da, hiru euro Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 16 urtetik beherakoentzat.
Txapelketaren gaineko informazio osoa eta eguneratua www.nafarroakotxapelketa.com webgunean dago.