Hazteria izurritea jasan ondoan, ateak ireki ditu berriz laborantza ikastegiak

Franck DOLOSOR 2011ko otsailaren 16a

12 ikaslek jasan dute hazteria lizeoan

Saint Christophe laborantza lizeoak ateak hetsi behar izan ditu zonbait egunez otsail hastapen huntan hazteria izurrite bategatik. Aspaldian ez zen holakorik en­tzun hemen gaindi eta ho­rrek harridura haundia sortu du ikasle, agintari eta berriemaileen artean. Orotarat, 12 ikaslek jasan dute hazteria eta izurritea gelditzeko lizeoa hetsi eta osoki garbitu behar izan dute. Az­kenean, behar diren arta guziak hartu ondoan, otsailaren 8an ikasgeletarat itzuli ziren 171 ikasleak eta 30 irakasleak, eta den denak lanean hasi dira berriz. Hazteria uste baino maizago ager­tzen den gaitza da eta izenak beldurra sor­tzen badu ere medikuek diote ez dela hain la­rria behar bezala arta­tzen bada bistan dena.

 

Laborantza ministroa ez da eritu

Egun gutitan bi aldiz aipatua izan da gure la­boran­tza lizeoa hazteria izurritea agertu baino egun batzuk lehenago Bruno Le Maire Frantzia­ko laborantza ministroak bisita egin baizuen eskola hortarat. Ministroak ongi ezagutzen du gure herria bertan koka­tzen baita bere udako etxea. Umore pixka batekin deplauki erran zuen lehen aldia zela ttattara janzten zuela Senperen, usaian hori gabe ibiltzen baita gure herrian opo­rrak pasatzen dituelarik. Lizeoa eta INRA agrono­mia ikerketa gunea bisitatzeaz gain, ministroak hemengo zonbait alda­rri­kapen entzun zituen. Ipar Euskal Herriko zonbait laborarik ez dute begi onez ikusten Eslobeniako hartz bat gehiago askatzea Biarnoko mendietan. Ardi esnearen pre­zioak eta gazteek ins­talatzeko dituzten zailta­su­nek ere kezkak sor­tzen dituzte.

Senperen gaindi pasako den abiada haundiko treinbide berriaren inguruan, ministroak dio proiektua berriz aztertua izan behar dela hobetua izateko. Ministroak harre­manetan segituko du gure laborariekin ondoko egunetan Parisen ospatuko den laborantza saloinean elgarrekin min­tzatuko direlakoz berriz ere. Gobernuko idazkariek argitu dute ministroa ez zela kutsatua izan hunat egin zuen bisitan eta ez zuela hazteria jasan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun