Gaualdi ederra larunbatean Asteburu Kulturalaren barne

Joanes GARCIA 2011ko otsailaren 16a

Udan iragan zen gaualdian 400 lagun bildu ziren. Argazkian Baden baden taldea zuzenean. Joanes Garcia

Horrez gain, ekitaldi gehiago ere izanen dira

Ortziral gauean Usopop elkarteak Hau dela hori dela antzerkia antolatuko du. Eleka konpaniaren antzerkia, ipuinen mundu misteriotsuan oinarritzen da. 50 minutuko obra huntan gure haur­­tzaroko ixtorio, muns­tro eta giro bereziak berriz deskubritzen ditugu antzerkigintzak ekartzen duen umore eta freskotasun handi batekin. Kondaira, musika eta antzerkia nahasiz, Ka­ttalin Salaberry eta Jokin Irungaray jokolariek publikoa Japoniatik Afri­kara eta Afrikatik Euskal Herriko xokoetara pasa araziko dute.

Publiko zabal bati zuzendua da, izan dadin haur tarrotu (7 urtetik goiti), adin zuhurreko jendeari edo euskara ikasten duteneri.

18:30ean hasiko da Lur­berri gelan, musu­truk.

 

Musika gaualdia

Larunbatarekin, joan den martxoan sortu be­rri den Usopop kultur elkarteak usoen kontrapasa aprobetxatuko du kalitateko musika gaualdi bat antolatzeko.

Kontrapasa uda huntan iragan zen festibalaren neguko edizioa da. Joan den agorrilean Liza­rrietan, naturan murgil­du­ta 400 pertsona bildu ziren 'indie' eszenak eskaintzen dituen talde interesgarri batzuk ospa­tze­ko. Alabaina, negua izanki, aldi huntan ez da kanpoan eginen, baizik eta Lurberri gelan.

Beste behin ere, kalitateko progra­mazio bat prestatu dute antolatzaile gazteek. Anari azkoitiarra da afitxa burua eta Irla izan azken obra zora­garria aur­keztera heldu da. Baina kontrapasa, ezagutuak ez diren artista bikain­ ba­tzuen ezagutzeko aukera da: Leopold Skin eta amerikar kutsua duen haren folk-rocka eta Piano Chat gizon orkes­tra harrigarria. Pop folk edo rock doinuen ondotik gaua giro dan­tza­ga­rri batean buka­tzeko Mar­touf ziburuta­rrak elektro doinuak bo­ta­­ko ditu eta Cindjrella diska jartzaile heletarrak hain­bat musika estilo talkaraziko ditu.

Gaualdia 20:00etatik goiti hasiko da. Bertan jaki eta edari goxoak izanen dira. Musikazale edota kuriosentzako gaualdi aproposa da. Sartzea 9 euro.

 

Antzerkia

Asteburu aberats hau Errautsak antzezlanaren aurkezpenarekin bukatu­ko da, ikastolak eta Uso­popek antolatua. Euskal Herrian barna kristoin arra­kasta lor­tzen ari den antzerkia ikusteko aukera huts ezina da. Igor Elor­tza eta Unai Itu­rria­ga bertsolariek maisulan bat idatzi dute publikoa irri, nigar eta gogoetaraziz. Goi mailako sei aktorek lan bikaina egiten dute, ipuina trage­dia eta komediaren artean den mugan dantza araziz.

Ixtorioak lagunak izan ziren pertsonen berrelkartzea kondatzen du. Bilera Odei lagun ohiaren ehorzketen kari eginen da. Bertan gaztaroko oroitzapenak eta gaurko desilusioak ukanen dituzte aipagai. Ximun Fuchs, Ander Lipus, Miren Gaztanaga, Manex Fuchs, Ainara Gurrutxa­ga eta Urko Redondo jokolariek Euskal Herriko herrialde desberdinetatik heldu diren pertso­naiak­ taularatzen dituzte eta bakoitzak jato­rrizko euskalkia erabiltzen du.

18:00etan hasiko da kiroldegian, 10 eurotan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun