Bertsolaritza eta bertsogintzari buruzko gogoeta eta ikerketa jardunaldiak eginen dira bertze urte batez aurten: Bertsolamintza ekimena, alegia. Euskal Herri osora zabalduko da, eta Ipar Euskal Herrikoa Saran eginen da hilaren 26an. Hiru hitzaldi izanen dira Eric Dicharry, Andoni Egaña eta Amaia Vazquezen eskutik, eta gero, bertso afari esperimentala (xehetasunak 53. orrian). 12 urtez Iparralde guzian bertsolaritza irakatsi duen eta orain Bertsozale Elkarteko ikerkuntza eragilea den Karlos Aizpuruak –Saran bizi da– eman dizkigu azalpenak.
SARAKO EGITARAUA
• 18:00etan hitzaldiak: Bertsolaritza eta umorea (Eric Dicharry); Nola gainditzen dira inertzia ideologikoak? Zenbateraino obligatzen dute? (Andoni Egaña); Inprobisazioaren gozamena: oholtzako bertsolaria nola askatu proiekzioetatik eta unean unekoa gozatu (Amaia Vazquez).
• 19:45ean eztabaida.
• 20:30ean bertso-afari esperimentala, Maialen Lujanbio, Sebastian Lizaso, Anjel Mari Peñagarikano eta Miren Amurizarekin. Txartelak: (0033) 559 542758 edo (0033) 673 900352.
Azaldu Bertsolamintza...
Bertsolamintza geldiune bat da bidean, orain artekoari behako bat emateko. Gibelerako behako horrek lagunduko ditu aitzinekoa hobeki ikusten, edo egiten ari ginena konbentzituago egiten. Bertsolaritzan puri-purian diren zenbait gai eta kezkari buruz gogoeta egin eta plazaratzea da helburua.
Zergatik abiatu zen ekimena 1993an?
1993ko Euskal Herriko txapelketa izugarri arrakastatsua izan zen, publiko kopuruan zein bertsogintzaren kalitatean; bertsolaritzaren uhainak inoizko altuerarik handiena hartu zuen, gero eta saio gehiago antolatzen ari ziren, bertso eskola kopurua gora zihoan... Orduan ere, gogoeta partekatu baterako beharra sentitu zen eta lehen Bertsolamintza haren bidez eman zitzaion forma.
Orain arte guttienez hirutan egin da Bertsolamintza. 93an eta 95ean gogoeta orokorrak egin ziren eta 2003an gaiari buruzkoa. Zertarako balio izan dute?
Balorazio baikorra baizik ez dut egiten ahal. Lehenbizikoek bertsolaritza eta Bertsozale Elkartearen proiektua zertan ari zen eta beharko lukeen ulertu eta bultzatzeko balio izan zuten. Geroztikakoak konkretuagoak izan dira. 2003koa bertso saioetako gai eta gai-jartzailetzari buruz izan zen. Gai-jartzaile, bertso eskola eta oro har bertsozaleendako gogoeta eta ekarpen interesgarriak egin ziren. Ikusi besterik ez dago oraingo gaien eta haien formulazioan edo saioen egituran egin den aitzinamendua. Adibidez, azken txapelketetan modan den gai irekiaren kontzeptua 2003ko Bertsolamintzak ekarri zuen.
Aurten nolako gogoetak aurkeztu dituzue?
Inertziak da gaia. Bertsolaritzan diren inertziak eranztea, inertziaz egiten duguna zalantzan jartzea da kontua, eta ondorioa izan liteke inertziak baztertu edo erantzi eta garena edo izan behar duguna janztea. Gauza aunitz egiten ditugu inertziaz, «hala egin delako» orain arte. Bertsolaritzan ere bada inertziarik: bertso eskoletako hezkuntzan, txapelketetako antolakuntzan, bertsolaritzaren sisteman, gaien formulazioan, bertsoen ideologian, genero rolen banaketan, emozioen kudeaketan, bertsogintzan... Horietaz ariko dira.
Ipar Euskal Herriko saioa Saran eginen da...
Bertsolamintza nazio mailako ekimena da, eta Euskal Herri osoko lurraldeetara zabaldu dugu. Ipar Euskal Herrian Sara aukeratu genuen. Ez zen zaila izan, azken urteotan bertso afari arrakastatsua antolatzen dute ikastolak, gaztetxeak eta Herriko Etxeak. Haiekin harremanetan sartu eta tiro batez bi txori jo ditugu. Elkarlanean aritu gara Olhain ikastolakoekin antolatzen eta plazera izan da. Herriko Etxeak zein Euskal Kultur Erakundeak ere lagundu gaituzte.
Jardunaldi irekiak dira?
Bai. Nahiz eta hitzaldietan bertsolaritza biziki presente egon, literatura edo antzerkirako balio duten gogoetak dira: hezkuntzaz ariko baitira, emozioez, ideologiaz, lehiaketaz, genero rolez... Bertsozale eta euskaltzaleak gonbidatuak daude.
Zein egoeratan ikusten duzu bertsolaritza Saran eta inguruan?
Iparraldeko bertsolaritzak hezkuntzan egin lanari esker suspertze handia izan du, amesten genuen txapelketa errealitate bihurtzeraino. Suspertzearen uhain hori Sararat ere iritsi da: urtero badira lauzpabost saio, haurren bertso eskola bada... Bortziriak, berriz, aberatsa da bertso saio kopuruan. Inguruko egoera ona da, eta hobetzeko xantzak badira; mugaz gaindiko bertso harremanak sakonduz, konparazione.