Iruña eta Behobia lotzen dituen N-121-A errepidean joan den urteko abenduaren 20tik aurtengo urtarrilaren 31 bitarte egindako kanpaina berezian 25.000 ibilgailuri 568 kontrol egin dizkiete Foruzaingoak eta Guardiazibilak.
Joan den urtean, heriotza eragin zuten zenbait istripu gertatu ondotik ekin zioten kanpaina honi bi polizia indarrek elkarlanean. Sei aste horietan 18 trafiko istripu gertatu dira N-121-A errepidean, joan den urteko garai berean baino %14 guttiago (21 istripu izan ziren) eta kanpaina aitzineko 40 egunetan baino %6 guttiago.
568 kontrol horietan kamioiak hartu dituzte bereziki, abiadura, gidatzen eta atsegiten emandako denbora, alkoholemia eta ibilgailuen egoera aztertuz. Izan ere, gehiegizko abiaduran gidatzeagatik jarritako 1.021 denuntzietatik 478 ibilgailu astunei karri zaizkie. Gehieneko abiadura orduko 70 kilometrokoa den leku batzuetan, orduko 100 kilometro baino gehiagotan zirkulatzen harrapatu dituzte kamioi batzuk.
Denbora tarte honetan 6.500 alkoholemia proba egin dira eta lau alditan, kamioi gidariek baimendutako gehienezko tasa hirukoiztu egiten zuten.
Takografoei ere arreta berezia jarri diete foruzainek eta guardia zibilek. 29.500 gidatze egun zuzentzen zituzten 1.396 takografo aztertu ondotik 462 hutsegite topatu dituzte, horietatik 192 gidatzen denbora sobera emateagatik eta bi takografoa bera manipulatzeagatik.