Honezkero denek jakingo duzuenez, maiatzean udal hauteskundeak egingo dira, baita Nafarroako Parlamentuko ordezkariak hautatzeko ere. Ezkurra bezalako herri txikietan, udaletxekoak izaten dira garrantzitsuenak, nahiz eta azken urteotan ez den sobera interesik sortu. Zinegotzia eta alkatea izateak eskuzabaltasunez egin beharreko lana eskatzen du eta zoritxarrez ez da oso baloratua. Beraien borondatea ona den arren, normalean alderdi negatiboak eta kritikak ohikoagoak izaten dira. Nire ustetan, oraingo Udalak orokorrean oso lan ona egin du. Zinegotzi batzuek esperientzia haundia dute, legealdi batean baino gehiagotan aritu baitira. Azken urteotan krisi ekonomikoak ez du batere lagundu plan berriak garatzerako orduan. Egurraren salmenta izaten zen gastuei aurre egiteko bitartekoa eta hori desagertu edo kopururik txikienera jaitsi da. Edozein kasutan, Ezkurrako Udala da defizit ekonomikorik izan ez duen udaletxe bakan horietako bat. Hauteskundeetarako oraindik hilabete batzuk falta badira ere, oso interesgarria izanen litzateke herriaren alde lan egiteko boluntario berriak animatuko balira.