Esan beharrik ez dago, inauteriak egun haundiak direla zubietarrondako eta aurtengoak ere halaxe izan dira, inauteri ederrak. Gazteen taldean ere kuadrilla polita, 37 lagun elkartu baitira.
Larunbateko afariarekin hasi ziren ospakizunak. Igandean, berriz, orain arteko hutsunea betetzeko, aurten lehenengo aldiz, bi taldetan banatu eta herri kiroletan aritu ziren herritarrak eta ikuskizun polita eskaini zuten.
Astelehenean, Iturenera egindako buelta ere ongi atera zen. Hiru karroza eta 20 joaldun joan ziren herritik, eta harrera ona egin zieten iturendarrek. Bakarka mozorrotuta edo besterik gabe, hango giroa ikustera joan ziren herritarrak ere asko izan ziren. Karrozetako batean, Amabirjinetan egiten den arbolaren altxatzea irudikatu zuten eta ongi antolatu zuten mozorroa.
Asteartean, egun haundia herrian, beste bi karroza gehiago atera ziren, eta herrian izanik, joaldun asko animatu zen, tartean haurrak ere bai, ikasteko gogoa duten seinale. Etxekoandreek, ohitura den bezala, jendeari zein joaldunei banatzeko piper-opilak ere egin zituzten. Kanpoko jende dezente etorri zen eta gisa guzietako mozorroekin atera ziren helduak eta gaztetxoak.
Asteazkena lasaiagoa izan zen, egunerokora bueltatzen hasteko eguna. Goizean gosaldu eta garbitzen eta karrozak desegiten aritu ziren herritarrak, eta bazkalondoan kontuak egin zituzten.
Ondoko larunbatean, berriz, 35 bat lagun elkartu ziren sobran gelditutako jatekoa aprobetxatzeko. Moha eta Olaiak alaitu zuten mahai-ingurua.
Dantzariak Iturenen
Larunbatarekin, Iturengo Dantza Taldeak emanaldia eskaini zuen Iturenen, baina dantzan aritu zirenen artean Zubietako heldu eta haurrak ere baziren. Urte osoan entsaiatzen dutena erakutsiz, ikuskizun ederra egin zuten.