Guttiago falta da hurrengo urteko inauterietarako

Arkaitz MINDEGIA 2011ko otsailaren 15a

ONDIKOL, Oihana eta Ainara MINDEGIA

Giro bikainean joan dira inauteriak. Ortzeguneko puxka biltzearekin hasi ziren; or­tzi­ralean eskolako umetxoek mozorroekin kalejiran eta joaldun ttikiekin ospatu zuten eta larunbat arratsa iritsi zenean, inauteriek egun luze eta politen martxa hartu zuten, jendeak erran bezala, gure inauteriak sanferminak bezain luzeak baitira. Astelehen goizean, Aurtizko elkartean eta Iturengo Herriko Etxe­ko Ganbaran joal­dun kuadrilla jantzi zen ongi gosaldu ondotik. Zahar, gazte eta haur, joal­dunak ez baitu mugarik adinean, odolean eramaten da. Aurtegoan ere astelehen eta astear­tean joaldun andana elkartu ziren hiru lekuetatik. Tartean, Ituren eta Aurtizko Har­tzak­ bidea irekiz eta jendeari pixka bat zirikatuz joan ziren. Inauteriak joal­du­nen­ga­tik dira ospetsuak, baina tartean karroza eta mozorro eleganteak atera ziren. Etxeko txokoetatik ateratako trapuekin egindako mozorroak ere ikusi ziren. Inaute­riak aki­tzeko, Iturenen kontuen eguna egin zuten, herriko dantzarien erakustaldia, gazte eta ezkonduen arteko herriko kirol desafioa eta ber­tso afari ederra tartean. Bertzalde, Aurtitzen zaharren afariarekin akitu ziren inauteriak. 70 lagun elkartu ziren elkartean giro bikainean afalduz eta Joxe Anjel akordeoilariaren doinuekin dan­tza­tuz. Igandean kontuak ordaindu eta bazkaria egin zuten. Hemen aipatze­ko kexu bat ere egin digute: inauterietako astelehen goizean lanetik heldu ziren bi herrita­rrek ezin izan zuten Elgorriagako bainuetxetik pasatu. Han zeuden foru poliziek oi­nez joateko agindu omen zieten. Herritarrek nortasun agiria ere erakutsi omen zie­ten, baina alferrik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun