Ortziraleko baserrietako puxka biltzearekin hasi ziren inauteriak, eta egun berean egin ziren emakumeen afariarekin eta haurren txokolatadaren ondotik, larunbateko besta etorri zen eta igandeko karroza desfilearekin, zerri eta bildotsaren zozketarekin, herri bazkariarekin eta dantzaldiarekin akitu ziren. Karrozen desfilea ikusgarria izan zen. Aitzineko urteetan baino orga guttixeago izanagatik, dozena bat ibili ziren karrikaz karrika. Beti bezala, desfilea irekitzen Ulibeltzak elkarteko hiru karrozak joan ziren, ohiko menua eskainiz: tortilla –120 dozena arraultze erabili ziren–, hezur salda –400 litro ibilbidean akitu ziren–, 500 talo, 130 kilo gaztaina eta 200 litro ardo. Ondotik, Dukesita eta Alfontxito etorri zen, Albako Dukesaren eta bere nobioaren ezkontza irudikatuz. Segidan, Ipar Poloa izenekoan, pinguino eta eskimalak agertu ziren eta ondokoan, Euskaltelen Online nago anuntzioa ikusteko aukera izan zen. Ederki landutako bertze karroza batean Santiago Bidea egiten ari ziren erromesak ikusi ziren. Beteranoenen koadrillak, mota guzietako produktuekin merkadilloa eskaini zuen eta gazteenek rap eta hip-hop doinuekin dantzatu zuten. Beharbada, gehien landutako karroza suhiltzaileena izan zen. Alde batean, baserria sutan baserritarra barnean zela eta gibeletik suhiltzaileen kamioia. Patxadaz hartu zuten erreskatea, nahiz eta aparra ausarki bota eta behin baserritarra ke artetik aterata, garagardoarekin artatu zuten. Gibeletik heldu zen anbulantzian sartzeko ere nahiko lan izan zuten. Bollywoodeko filma bateko aktoreak ere hantxe agertu ziren, Indiako dantzak eta mugimenduak eginez. Desfilea ixteko, Krisi garaian ilusioa Sunbillan karroza agertu zen. San Ildefonsoko neska eta mutil dotoreek zozketa egiten zuten, bonbo handi batekin, baina bolak airean atera ziren. Iberiako azafata bat eta istripuan zauritua, erizaina eta medikua irudikatzen zuen hirukotea ere ibili zen karrikaz karrika. Zozketaren tartean, zerria Joseba Altzuri Arretxeak erositako 3.486 zenbakiari egokitu zitzaion eta bildotsa, berriz, Elbeteko Xabier Urreagari. Aipatzekoak dira aurtengo nobedadeak ere: eskean ibili ziren gazteek akordeoilarientzat egindako gurdia batetik, asto bati lotua, eta bertzetik, haurren txokolatada frontoian egin zela eta arrakasta haundia izan zuela.