Erabilitako sukaldeko olioa birziklatzeko bertze urrats bat eman da Baztan, Malerreka eta Bortzirietan, papera eta kartoia, beira, zabor organikoa eta plastikoa bereizten duten edukiotziekin batera, sukaldeko olioarentzat edukiontzi berriak paratu baitira.
Ecogras enpresa, Baztango Udala, Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitatea eta Malerrekako Zerbitzu orokorren Mankomunitateak jarritako edukiontzietan, sukaldeko olioa bakarrik utzi behar da, ez kotxekoa, ezin baitira nahasi. Horretarako, olioa ongi itxitako ontzietan, ahal bada plastikozkoetan, utzi behar da edukiotzi barrenean eta olio hau biodiesel bihurtuko da birziklatu ondotik.
Kokapenak
Edukiontziak dagoeneko paratuak daude, gehienetan gaikako bilketa zerbitzua eskaintzen duten bertze edukiontzien ondoan. Elizondon, Xalbador eta Aldude karriketan; Iruritan, Berroeta-Zigarako errepidean; Arizkungo plazan; Doneztebeko Merkatuko Plazan eta Aparan industrialdean; Sunbillako Ramon Latasa plazan; Narbarteko frontoi-trinketean; Berako Agerra eta Iturlandeta auzoetan eta Eztagara karrikan, Toki-Ona institutuko aparkalekuan; Lesakako Eltzeta karrikan (Aliprox) eta Arretxea karrikaren 8.ean; Igantziko aparkalekuan, Arantzako herri sarrerako aparkalekuan eta Etxalarko herri sarrerako aparkalekuan.
Zerbitzu berri honek ez du hilabetero bilketa eginen duen kamioia ordezkatuko. Hortaz, Bortzirietan erabilitako olioa biltzen duen kamioia hilabeteko hirugarren larunbatean joanen da Bera eta Etxalarrera, eta laugarren larunbatean Arantza, Igantzi eta Lesakara. Baztanen eta Malerrekan ere, 500 bizilagunetik goitiko herrietara hilabetero ailegatuko da, eta ttikiagoetara hiru hilabetetik behin, hainbat ibilbide osatuz.