Eskualdeko erlezainak kezkatuak daude erleak jaten dituen Asiako liztorra hedatzen ari baita

Gurutze PIKABEA 2011ko ots. 15a, 13:13

Erleek egiten duten lana garrantzitsua da, bertzeak bertze, gure landareen %80 polinizatzen dutelako. Utzitako argazkia

Liztor honen hamaika kabi aurkitu dituzte Baztan, Bortziriak, Bertizarana, Malerreka eta Urdazubin

Erlauntzen sarreran erlearen esperoan egon, eta hau bazkarekin bueltan datorrenean burua moztu eta jan. Horixe egiten du Vespa Velutina izeneko Asiako liztorrak hemengo erleekin. Liztor beltz hau duela urte ba­tzuk ailegatu zen Frantziara eta geroztik hedatuz joan dan, lehendabizi Ipar Euskal Herrira eta orain Hegoaldera ere bai.

 

Vespa Velutina Nigri­thoraxis dei­tzen den liztor beltzak kezka eragin du erlezainen artean, erleen­tzat arris­kutsua den Asiako liz­tor hori ailega­tu delako eskualdera ere. Erleak banan bana jan egiten ditu liztor ho­nek, burua moz­tu, hankak eta he­goak kendu, eta iren­tsi edo bere kabira eraman. Erlaun­tzen sa­rre­ran­ egoten da erleen es­­pe­roan, 30-40 zentime­tro­ko distantzian, eta erleak nektare eta polenarekin buel­tan datoze­nean eraso­tzen ditu. Erlauntzaren ba­rrenera ere sar­tzen dela diote adituek eta bere elikagai nagu­sia erlea denez, aste batez, erle ku­­txa hustutzeko gai omen da. Kilke­rrak, tximeletak eta ber­tze intsektuak ere gustu­ko ditu, baita armiarmak ere. Bere dietan azukrea eta proteinak dira huts egin ezin dutenak.

 

Asiatik Frantziara itsasontziz

2005ean an­tzeman zuten Frantzian liz­tor hau. Txinatik itsason­tziren batean ailegatu omen zen, eta handik Ipar Euskal He­­rri­r­a hedatu zen orain­ urte parte bat. Duela hi­ruz­palau hilabete, be­rriz, gure inguruan zebilela so­matu zuten erlezainek. Dagoeneko hamaika badira Baztan, Bertizarana, Bortziriak, Malerreka eta Urdazubin bildu diren Asiako liztor honen kabiak. Normalean zuhaitz altuetako adarretan egiten ditu kabiak. Inoiz pareten arrail­duran ere ikusi izan dira edo lurrazpian. Eta kabi haundiak dira. Gabi Fuentes eskualdeko baso­zainen buruak azaldu digunez, «50 zentime­tro­ko diametroa izan deza­ke­te zabaleran, eta altue­ran gehiago». Kabia etengabe haundituz joaten da udaberritik udazkene­ra eta bakoi­tzaren barre­nean 5.000 liztor ere egon omen daitezke. Erleak bai­no haundiagoak dira, baina hemengo liztorrak baino ttikiagoak. 30 zenti­metroko luzera dute, biz­kar aldea marroi iluna eta abdomen aldean ezaugarri horiak dituzte.

Liztor hau zerbait be­rria da hemen inguruan, eta ustekabean harrapatu ditu bai erlezainak eta bai erleak ere. Asiako erleek ba omen dute liztor horren kontra defenda­tzeko sistema: inguratu egiten dituzte eta horrela sortzen duten berotasunari esker –45 gradu inguru– ito egiten dute liz­torra. Europako erleek, ordea, «ez dakite hori», dio Santiago Mi­txel­torena Etxa­lar­­ko erlezainak. Sasoi honetan lu­rraz­­pian daude liztor hauen erreginak, baina otsail­ hondarrean, eta tenpera­turak epeltzen doazen heinean, atera eta kabiak egiten hasiko dira. Hala, horri aitzin egiteko Asiako liztorrak harrapa­tzeko tranpak presta­tzen hasi dira erlezainak. «Erre­ginak harrapatuz gero, min gehiago eginen­ diegu», erran digu Pello Berro Oronoz-Mugairiko erlezainak. Erabi­liko duten tekniketa­ko bat hauxe izanen da: plastikozko botilak hartu eta zerbezaz beteta utzi. Izan ere, zer­bezan bus­tiz gero, eta nahiz eta botila irekia izan, bertan geldi­tzen omen di­r­a liztorrak. Baina hori ez dela konponbidea dio Be­rrok: «min eginen diegu, baina ez ditu­gu garbituko. Hiltzea arras­­ zaila izanen da, eta seguru aski ikasi egin beharko dugu ho­rrekin bizitzen». Fuentes ere uste­ berekoa da. Bere irudi­ko, «erabat zaila» izanen baita liztor hau desager­tzea.

Mitxeltorenak bertze kez­ka bat ere aipatu digu: «erleek liztor hau kanpoan dabilela somatzen badute, ez dira kan­­­­pora atera­tzen eta kan­pora atera gabe, erleak ez du produ­zi­­tzen». Eta gau­za jakina da erleak zenbateraino diren ga­rran­­­tzi­tsuak, ber­tzeak­ ber­tze, gure landa­reen %80 polinizatzen baitute.

«Pixka bat kezkatua», baina momentuz Vespa Velutinaren arrastorik somatu gabe topatu dugu azken sei urteotan Ezku­rran bizi, baina sortzez alemaniarra den Holger: «Ezkurran oraindik ez dago, baina gaiak kezkatu egiten nau, noski baietz».

Goizuetako Jose Ramon Jimenez erlezainak ere ez du liztor asiarrik antze­man Goizueta ingu­ruan: «aste ba­tzuk­ ba­rru ikusi­ko dugu agertzen diren ala ez, baina momentuz ez dut alerik ikusi». Halere, denborarekin ez du tranpak jar­tzea baz­tertu: «oraindik ez dut tran­pa­rik ja­rri­ko, ka­bie­tan ez da­goe­lako alerik, baina botiletan zerbeza jartzea teknika ona dela esaten dute eta ikusiko dut».

 

Arazo gehiago

Berrok nabarmendu na­hi izan du Asiako lizto­rra ez dela erlearen kontrako arazo ba­ka­rra: «kon­trario aunitz ditu erleak: pestizidak, antenak, klima aldaketa, ba­rroa…». Beldurra «beti» hor dagoela aitortu digu.

Eta Fuentesek, bere aldetik, zera utzi digu garbi: «pertsonendako ez da batere kaltegarria, hemengo bertze liz­tor bat bezala da, eta hemengo batek hozka egindakoan emanen lukeen min berdina emanen luke. Arazoa erleekin dago». Edozein kasu­tan, norbaitek halako kabi bat ikusiko balu, 112 telefono­ra deitu behar du.

 

Asiako liztorraren hamaika kabi aurkitu dira oraingoz eskualdean

Hamaika dira guttienez eskualdean aurkitu dituz­ten Asiako liztorren kabiak: Almandozen, Orabidean, Otxon­don, Etxala­rren, Sunbillan bi, Beran, Oieregin, Urdazubin, Ari­tza­ku­nen eta Iturenen. Sasoi hone­tan­ gordeak egoten direnez, bildutakoak hutsik zeuden. Ezkerreko argazkian­ ageri dena Etxa­larren ikusi zuten ilbeltzaren 16an. Lehenagotik ikusia omen zu­­ten zuhaitz­ gainean bazela zerbait, baina ez zekiten zer zen eta hostoak ero­ri zirenean, eta telebistan gisako bat ikusi zutenean ohartu­ ziren begibis­tan­ zutena Vespa Velutinaren kabia zela. Hala konta­tu digu San­tia­go Mitxelto­rena Etxalarko erlezainak. Eskuinekoa, berriz, Beran aurkitu zuten. Basozainak­ dira he­rriz he­rri kabi hauek­ jasotzen dabiltzanak: «eskura dau­denak biltzen eta altuera haundian daudenak hausten saiatzen gara, tiro­ka­tuz. Ge­ro Iruñera­ bidaltzen ditugu, zer egin erabakitzeko», erran digu Gabi Fuentes basozainak.

 

GIZAKIA ARRISKUTIK AT

«Pertsonendako ez da batere kaltegarria, hemengo bertze liztor bat bezala da»

Gabi FUENTES,  Basozaina


DEFENTSA GABE

«Asiako erleek badakite nola defendatu liztor honengandik baina hemengoek ez»

Santiago MITXELTORENA,  Etxalarko erlezaina


KEZKATUA

«Ezkurran oraindik ez dago Asiako liztorrik baina gaiak kezkatzen nau, noski baietz»

HOLGER, Ezkurrako erlezaina


KONTRARIO AUNITZ

«Kontrario aunitz ditu erleak: pestizidak, antenak, klima aldaketa, barroa...»

Pello BERRO, Oronoz-Mugairiko erlezaina


ORAINGOZ ARRASTORIK EZ

«Aste batzuk barru iku­siko da agertzen den liztorra, baina mo­mentuz ez dut ikusi»

Jose Ramon JIMENEZ,  Goizuetako erlezaina

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun