Yamiled Giraldoren hilketaren auzia epaiaren zain gelditu da

TTIPI TTAPA 2011ko otsailaren 8a

Yamiled Giraldo eta bere familiarekin elkartasunez kontzentrazioak egin zituzten iaz Iturenen. Artxiboko argazkia

Fiskalaren ustez, mendekuz agindu zuen Jose Lareok Iturengo emakumearen hilketa

Giraldo Auziak urtarrilaren 7an izan zuen azken saioa, eta fiskalak ondorioak aurkeztu zituen. Yamiled Giraldoren heriotza Jose Lareo Lopez akusatu nagusiak mendekuz agindu zuela dio. Fiskalaren ustez, Lareo zen bortz akusatuen artean «hilketa egiteko behar zen diru zuen bakarra», baita interesa ere, hura baitzen emakumea ezagutzen zuen bakarra.



Giraldo auziak urtarrilaren 7an izan zuen azken saioa, eta fiskalak ondorioak aurkeztu zituen. Yamiled Giraldoren heriotza Jose Lareo Lopez akusatu nagusiak mendekuz agindu zuela dio. Fiskalaren ustez, Lareo zen bortz akusatuen artean «hilketa egiteko behar zen diru zuen bakarra», baita interesa ere, hura baitzen emakumea ezagutzen zuen bakarra.



Yamiled Giraldok, bertze bi emakumerekin batera, Lareoren aurkako salaketa jarri zuen, 2001ean Kolonbiatik ekarri, prostituzioan aritzera behartu eta bortxatu egin zuela leporatuta, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak hemezortzi urteko espetxe zigorra ezarri zion. Hain zuzen ere, fiskalaren arabera, salaketa horregatik «mendekua» hartzeko agindu zuen Lareok Giraldo hiltzeko. Akusazio partikularrak ere argudio hori babestu du: «Jose Lareo Lopezen aurkako testigantzak eta salaketak hil zuten». 



Lareorekin batera, bertze lau akusatu ere epaitu dituzte. Lareok, berekin espetxean zegoen Pedro Andres Garciari eman zion Giraldo hiltzeko asmoaren berri, eta Garciak Karlos Igariri, azken horrek hilketa egiteko prest egon zitekeen norbait aurki zezan kanpoan. Bere emazte ohi Nira Arandigoieni proposatu zion, eta, ustez, horrek hil zuen Yamiled Giraldo, Rodrigo Solaetxerekin batera. Fiskalak, bada, Arangoienen testigantza erabili du txostenean bere argudioak indartzeko. 

Hain zuzen ere, Giraldori buruzko informazio guztia Lareok eman ziola aitortu zuen epailearen aitzinean; hark azaldu zizkiola «Giraldoren bizitzako eta laneko xehetasun guztiak», hil egin ahal izateko. 4.000 euro, pistola eta autoa ere Lareok eman zizkiola azaldu zuen Arandigoienek testigantzan.



Horiek honela, fiskalaren ustetan, Lareo ez da «hilketaren sustatzaile hutsa». Gainontzeko akusatuak «kontrolatu» dituela ondorioztatu du, baita «esku-hartze zuzena» izan duela ere, «ezinbertzeko informazioa helaraziz eta hilketa egiteko dirua emanez». Fiskalak hemezortzi urteko espetxe zigorra eskatu du Lareorentzat hilketagatik, eta beste lau urtekoa justizia oztopatzeagatik.

Garcia eta Igari ere hilketarako «ezinbertzekotzat» jo ditu fiskalak. Honen ustez, Garciaren parte-hartzea Arandigoienek bidali zion mezuak frogatzen du. Hilketa egina zegoela idatzi zion. Gainera, Arandigoieni Kolonbiara ihes egiteko dirua eman izana ere leporatzen dio fiskalak Garciari. Igarik, berriz, soldatapeko hiltzaileak bilatzeko lana berea izan zela onartu du epaiketan.

 Akusazio partikularrak oro har bat egin du Fiskaltzak azaldutakoarekin. Hala ere, bada ados agertu ez diren puntu bat. Fiskalak Sanchezi baino ez dio leporatzen Yamiled Giraldoren semea hiltzeko ahalegina. Akusazio partikularrak, ordea, Arandigoieni ere egozten dio delitu hori. «Hilketa gelditzeko aukera izan zuen umea han zegoela jakitean, baina Sanchezen zain geratu zen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun