Otsailaren 5ean ospatu zen Santa Ageda eguna eta bezperan, karrikaz karrika ibiltzeko ohitura bete zuten eskualdeko hainbat herritan.
Lesakan, Tantirumairu ikastolak aspaldiko ohitura du koplak kantari ateratzea eta aurten ere ez du hutsik egin, argazkian ageri denez. Ortziral goizean Lehen Hezkuntzako ikasle eta irakasleak karrikaz karrika ibili ziren makilak eta ahotsak lagun, kantari.
Berako Labiaga ikastolan iaz hasi ziren kalejira egiten eta aurten ere gauza bera egin dute, bertso eskolako helduen laguntzarekin. Elizondon ere, Baztan ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasle, irakasle eta gurasoek egin zuten kalejira.
Goizuetan ere, urte batzuez desagertua egon ondotik, joan den urtean berreskuratu zen Santa Ageda bezperan kantuan ibiltzeko ohitura eta aurten ere egin dute, Josu Garmendia eta Joxe Manuel Oiartzabal bertsolariekin. Umore Ona Elkartean egin zen afariarekin bukatu zen ibilbidea.
Leitzan, azkenik, urtero bezala, ALKE kultur elkartearen ekimenez, Santa Ageda bezpera kantuan ospatu da. Ostiral arratsaldean plazatik abiatu eta herrian kalejira egin da koplak abestuz. Ondotik, Karrapean nahikoa jan-edateko izan zen.