Ez Ibarra eta ez Abadiño. Azkenean Arrigorriagako Sokarrik eman du ezustea Euskadiko goma gaineko sokatira txapelketako 640 kilotako kategorian eta txapela eskuratu zuen Zeberion (Bizkaia) otsailaren 5ean jokatutako finalean. Lehen jardunaldian Ibarra nagusitu zen eta bigarrenean Abadiño, azken urteetako txapelduna. Abadiño zen faborito nagusia, eta ustez Ibarra zen bere aurkari nagusia, baina Sokarri jaun eta jabe izan zen larunbatean. Saioan zehar tiraldi bakarra galdu zuen, eta ongi merezitako garaipena erdietsi zuen. Bigarren posturako lehia handia izan zen Ibarraren eta Abadiñoren artean, finalean berdinduta geratu baitziren, eta kitarakoa jokatu behar izan zuten, eta hori Ibarrak bereganatu zuen, zilarrezko domina golkoratuz.
Sailkapen nagusia honela gelditu zen: Txapeldun Sokarri izan zen 6 punturekin; bigarren Ibarra 4,5 punturekin; hirugarren Abadiño 4,5 punturekin, laugarren Berriozar 3 punturekin, bosgarren Amaiur 2 puntuerekin, eta azkeneko postuan, berriz, Ñapurrak taldea sailkatu zen puntu batekin.
Badaiotz emakumezkoetan
Emakumezkoen 540 kilotan txapelduna erabakita zegoen, izan ere Badaiotzek azkeneko jardunaldia ekin aitzinetik ia dena erabakita zeukan. Emozioa bigarren posturako zegoen, Ibarra eta Sakana baitzeuden nahikoa orekatuta, baina Sakanak aitzinetik bukatu zuen, eta lehendik zuen aldea handitu egin zuen. Ligaxkaren ondotik, honela gelditu da sailkapen nagusia: Txapeldun Badaiotz izan da 18 punturekin; bigarren Sakana 10,5 punturekin, eta azkena Ibarra 7,5 punturekin.
Orain 600 kilokoa
Gizonezkoetan, 680 eta 640 kiloko txapelak erabaki ondotik, 600 kilokoa otsailaren 19an Baionan (Lapurdi) hasiko da, martxoaren 5ean Nafarroan erabaki gabeko herriren batean eta martxoaren 12an Gernikan (Bizkaia). 560 kiloko txapela jardunaldi bakarrean erabakiko da, martxoaren 19an Arrigorriagan (Bizkaia). Pisu arin hauetan itxaropentsu daude amaiurtarrak.