José Antonio Loidi Bizkarrondo beka aurten irabazi duen proiektua ezagutzera eman dute Irunen. Rosa Arburua Goienetxe da aurtengo irabazlea, «kontrabandoan oinarritutako» obra batekin. Izenburua 'Euskal Herriko mugaz gaineko Portuges pasan' da. Irunen jaioa da Rosa Arburua, baina gurasoak etxalartarrak ditu, Filosofia eta Hezkuntz zientzietan doktorea da eta Historia irakaslea Berako Toki Ona institutuan. 2005ean, 1940-1960. Bortzirietako Gaztiak liburua argitaratu zuen.
Beka lortu duen lan honetan, pertsonen kontrabandua jorratzen du, XX. mendeko erdialdean Portugaletik Frantziara ihes egiten zutenak, hain zuzen ere. Garai hauetan, Portugal Salazar diktadorearen menpekotasunean zegoen. Frantzia, berriz, Bigarren Mundu gerraren hondamendiaren ondoren, «esku zabalik hartzen zituen langileak». Egoera honek Portugaletik Frantziara «exodo» bat eragin zuen. Baina ez zen erraza pasaporte bat lortzea. «Alternatiba 'a salto' pasatzea zen», azaltzen du Rosa Arburuak. Askok gure inguruko mugak zeharkatu zituzten Frantziara ailegatzeko, bertako mugalariak lagunduta. «Esan dezakegu miloi erdi bat portugaldar ilegal pasa zirela gure mugatik hamalau urtez».
Arburuak azaldu zuen «ikerketaren esparrua Irun, Bortziriko mugak, Malerreka, Baztan eta beste aldea gainditu arteko mugak dira. Hori da nire lanaren eremu geografikoa». Portugaldarrek muga nola zeharkatzen zuten eta mugalarien laguntza aztertzen ditu Rosa Arburua bere lanean.
«Bertako historia»
Ikertzaileak adierazi zuenez, «pozik nago. Ohore bat da niretzat beka hau jasotzea». Bere ikerlanak «bertako historia» aztertzen dute. «Azken finean, guk nor eta zer garen jakin dezakegu gure historia hurbila ezaguturik».