Eskualdeko 5. Gazte Eguna ospatuko da larunbatean Azkainen

TTIPI TTAPA 2011ko otsailaren 4a

Zezenaren Taldeak kontzertua eskainiko du, bertze zenbait talderekin batera, larunbat arratsean Azkainen. Utzitako argazkia

Egun osoan hainbat ekitaldi izanen dira

Larunbat honetan, otsailak 5, eskualdeko bosgarren Gazte Eguna eginen da Azkainen. Goizeko 11:00etan egunaren aurkezpena eta gosaria, txalaparta, adarra jotzea eta bertsoak izanen dira.

12:00etan herri eztabaida izanen da eta ondotik, pankarta lehiaketa . Bazkaria ere izanen dute, 8 euroko prezioan eta bazkalondoan herrian barna jokoak eta kontzertuak izanen dira Norte Apache, Zezenaren Taldea (argazkian), Bilbomatix eta AZ/DZ taldeekin. Ondotik gaupasa izanen da Kilika Gaztetxean.

 

Berako Kaxerna Gaztetxean ekitaldi gehiago hilabete osoan

Berako Kaxerna Gaztetxea, eskualdeko bertze hainbat gazte talderekin batera izanen da Azkainen. Baina Beran ere, bertze hainbat ekitaldi antolatuak dituzte. Otsailaren 11n, ortzirala, kontzertua izanen da Kaxernan Elgoibarko Andrakan Pop taldearen eskutik. 22:00etan hasiko da eta sarrerak hiru euro balioko ditu. Eta biharamunean, otsailak 12, txotx eginen dute gaztetxean edo Kaxernotegian, sagardotegiko menuarekin bazkaria izanen baitute. Ondotik, bertsolariak izanen dira. Txartelak 17 eurotan salgai daude Ikuilu, Errekalde eta Kataku ostatuetan eta otsailaren 6a baino lehen eskuratu behar dira.

Otsailaren 17tik 26ra, bertzalde, Saharari buruzko zikloa eginen dute eta dokumentalak, filmak, hitzaldiak... Denetarik izanen dute. Zikloari bukaera emateko, hilaren 26an, hitzaldia, diapositiba emanaldia eta afaria eginen dute.

 

Dantza ikastaroa eta antzerki tailerra

Dantza ikastaroa ere hasia dute Kaxernan. Urtarrilaren 21ean abiatu ziren eta otsaileko ortziraletan segituko du. Ixone Telletxea Uranga da irakaslea eta oinarrizko euskal dantzak eta dantza latinoak ikasten ari dira. Ikastaroa dohainik da.

Bertze aldetik, otsailaren 18tik aitzinera, ortziralero, arratsaldeko 18.00etan Kaxerna Gaztetxean, arte eszenikoen tailerra edo antzerki tailerra eskainiko da. Bertzeen artean, gorputz mugimendua, ahotsa, eszenak eta jolasak edo inprobisazioa landuko dira, eta azken bi ortziraletan clowna ere ikasiko dute. Arropa erosoa ekartzea aholkatu dute Gaztetxetik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun