2010. urte bukaeran 1.130 langabetu zeuden Doneztebeko Enplegu Bulegoan izen emanak, baina hilabete beranduago, ilbeltza hondarrean 83 gehiago daude, 1.213. %7,35eko igoera hau Nafarroakoaren banaz bertzekotik (%4,97) gainetik dago eta eskualdetako bulegoen artean hirugarren igoerarik bortitzena da, Agoitz (%,8,50) eta Lizarraldearen (%7,53) ondotik.
Gainera, joan den urteko urtarrileko kopuruetan jarri da berriz ere langabezia eskualdean (1.214 langabetu ziren orduan, bat guttiago orain), sekulan izan diren handienak.
Urtarril honetan 387 kontratu gauzatu dira Doneztebeko Enplegun Bulegoaren bitartez, horietatik 60 bakarrik mugagabeak.
Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean goiti egin du langabeziak, 536tik 541era igo da langabetu kopurua urtarrilean, baina adin tarte horretako emakumeen artean, oraindik bortitzagoa izan da igoera, 480tik 542ra igo baita. 25 urtez beheitikoen arteko gizasemetan, 65etik 81era igo da langabetu kopurua eta adin horretako emakumeetan, 49tan mantendu da.
Zerbitzuetan igoerarik bortitzena
Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak dauka, alde handiarekin, langabetu gehien, eta urtarrilean, inoiz izan duen kopururik altuenera ailegatu da, 655etik 725era igo ondotik, 70 gehiago. Industria arloan ere 4 langabetu gehiago daude, 244tik 248ra igo baita. Eraikuntzan ere 7 lagunetan igo da langabetu kopurua, eta 150 lagun dira orain lanik gabe; nekazaritzan, aldiz, 6 lagunetan beheiti egin du langabeziak, 18 langabetu ziren urtarrilean eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean, 72 langabetu ziren ilbeltz hondarrean, abenduan baino 8 gehiago.