Larunbatean izanen da Santa Ageda eguna eta bezperan, karrikaz karrika ibiltzeko ohitura berreskuratzen ari da poliki-poliki eskualdeko hainbat herritan.
Lesakan
Lesakan, Tantirumairu ikastolak aspaldiko ohitu du koplak kantari ateratzea eta aurten ere ez du hutsik eginen. Ortziralean, goizeko 11:30 aldera abiatuko dira Lehen Hezkuntzako ikasleak, irakasleak eta gurasoak kalejiran ikastolatik eta karrikaz karrika ibiliko dira, makilak eta ahotsak lagun, kantari.
Beran
Berako Labiaga ikastolan iaz hasi ziren kalejira egiten eta aurten ere gauza bera eginen dute. 16:00etan abiatuko dira Eztegarako ikastolatik, Julen Zelaieta, Patxi Castillo, Oskar Goñi eta bertze zenbait bertsolari lagun dituztela . Errekalde, Xuga, Altzate karrika, Legia karrika eta Kanttonberritik kopla kantari pasatu ondotik ikastolara bueltatuko dira.
Goizuetan
Goizuetan ere, urte batzuez desagertua egon ondotik, joan den urtean berreskuratu zen Santa Ageda bezperan kantuan ibiltzeko ohitura eta aurten ere ez da egin gabe utzi nahi izan. Bertso idatziekin errekuperatu zen iaz usadioa, baina aurtengoak berrikuntza bat ekarriko du, Josu Garmendia eta Joxe Manuel Oiartzabal bertsolariak ere ibiliko baitira kalejiran. Festa borobiltzeko, kanturako gogoa, makilak eta trikitixa doinuak jarriko dituzte herritarrek. Herriko kantuzale talde batek antolatu du ekimena, baina herritar guztiak daude gonbidatuak 19:00etan hasiko den hitzordura. Umore Ona Elkartean eginen den afariarekin emanen zaio bukaera ibilbideari.
Leitzan
Leitzan, azkenik, urtero bezala, ALKE kultur elkartearen ekimenez, Santa Ageda bezpera kantuan ospatuko da. Ostiralean 18:30ean plazatik abiatu eta herrian kalejira eginen da koplak abestuz. Ondotik, Karraqpean jan-edana izanen da.