Ez jakin 36ko gerra aurreko inauteriak nolakoak izaten ziren Saldiasen. Gerra denboran ez zen inauteririk egin, eta gerra ondoan hasi ziren berriz egiten. Juan Garmendia tolosar etnologoak 1950. urtea bereizia du. Ordu arte, modu batekoak egiten omen zituzten, eta, handik goiti, zerbait aldatu omen ziren; murrizxeagoak-edo egiten hasi izan behar zuten. 1950 artekoak bilduak dizkio Garmendiak Olazarreko Martin Mutuberria zenari. Gero, 1981etik goiti, beste geldialdi bat izandu zen.
1950az geroagokoak ezagutu ditu gehiago Joanketengo Mariterexak; orduan ere, berdin-berdin «pesta handia eta ilusio gogorra izaten zen». Kontu asko aipatu ditu, hark nola ikusten zituen inauteriak eta neskentzat zer ziren: «Ez baitzuten libre mutilek bezala ibiltzea, ezta ostatuan sartzea ere. Arratsaldean dantzara bai ibiliko ziren. Akordeoia izaten zen plazan, eta jota dantzan eta porru dantzan eta hola, ilun ezkilak jo artio. Goizean tunturruak egiten aritzen ziren mutilentzat. Laneko bai, neskak, baina jateko, ez! Tunturruak izaten ziren sanpreiluan sartu karton puska bat eta bueltan-buelta bildua, eta gero kolorezko zinta batzuekin; ni ez naiz ailegatu horiek egitera». Kontu gehiago ere esan ditu, haurrak ez zitezkeela plazan ibili: «Mutilek isatsak izaten zituzten, eta haurrak joko zituzten haiekin, harrapatuz gero». Puska biltzeaz, berriz, hauxe: «Eskea ere egiten zuten, exkuxarea eta gerrena hartuta; bizpahiru lagun etortzen ziren gottira, eta arraultzak eta ziztorrak eta urdaia ematen zizkioten». Aurtengo inauteriak direla eta, ez dio txarrik nahi gazteari: «Ea biltzen zareten kuadrillatxo bat; besta pixka bat egitea ona da».
Olasoko Josetxok majo azaldu du mutil nagusiak zer izaten ziren. «Errege egunean bereizten zen inoteak noiz eginen ziren. Eta, inoteetan, mutil nagusiak nor izanen ziren. Mutil nagusien lana zen urte guziko pestak moldatzea. Albienteak egiten zuen sorteoa bi mutil aukeratzeko; Olazarreko Martin izaten zen albientea. Urte batean, 40 eta gehiago lagun bildu ginen; a ze saila! Lehenago, berriz, egiten zen aurreko urtean zu eta ni mutil nagusi, eta guk bereizi beste bi. Mutil nagusiak bere poltsatik ekarri behar izaten zituen akordeoia, txistulariak...». Janaz eta edanaz ere gauza franko aipatu ditu: «Labaiendik ekartzen genuen ardoa. Lehenbiziko lana, mandoarekin joan eta mandoarekin zahagietan ardoa ekarri beharra Dionixioren etxetik. Gero hasi ginen bertan erosten, ostatuan. Eta ardia hiltzen genuen, bi ardi, edo aharia, behinik behinean; animaleko aharia, igual! Gero ardia ez zela on, ardia utzi genuen; filete batzuk ederrak ekarri behar zirela, eta angulak ere ekartzen genituen. Hondarreko, pixkan-pixkan, diru muturretik denak!»
Aurtengoak, 26an
Tenorez dabiltz gazteak, eta aurten garizuman sartu baino lehen eginen dituzte inoteak: inote bezperan, ortziralarekin, seinalea eginen dute afari batekin, herriko ostatuan. Eta larunbatean puskak biltzera joanen dira soinulariarekin; gero arratsean, bertso afaria izanen da, Iker Zubeldiarekin eta Iban Urdangarinekin.
EMAKUMEAK
«Neskek ez zuten libre mutilek bezala ibiltzea, ezta ostatuan sartzea ere»
MARITEREXA
MUTIL NAGUSIA
«Mutil nagusien lana pestak moldatzea zen Albienteak egiten zuen sorteoa aukeratzeko»
JOSETXO