Zubietara bixita eginez akitu dira joaldunen harat-honatak

TTIPI TTAPA 2011ko otsailaren 2a

52 joaldun heldu eta 6 ttiki ibili ziren Zubietan. Alicia del Castillo

Kontuen Egunak ospatuko dira asteazkenean Zubietan, larunbatean Iturenen eta igandean Aurtizen

Astelehenean Aurtiz eta Zubietako joaldunek Iturenerako bixita egin bazuten, Inauterietako Asteartean Ituren eta Aurtiztik Zubietaraino joan ziren joaldunak eta zubietarrek harrera egin zieten herrian. Urteroko ohitura ederki bete zuten, ehundaka ikusleren aitzinean.

Astelehenean Aurtiz eta Zubietako joaldunek Iturenerako bixita egin bazuten, Inauterietako Asteartean Ituren eta Aurtiztik Zubietaraino joan ziren joaldunak eta zubietarrek harrera egin zieten herrian. Urteroko ohitura ederki bete zuten, ehundaka ikusleren aitzinean.

Eguerdia ongi pasatua zenean hasi zen ikuskizuna. Aitzinetik, Zubietako joaldunek Herriko Ostatuko estalpean gosaldu zuten, presarik gabe. “Hemen ordutegi flexiblea” daukagu zioten batzuk eta bertze batzuk kanpotarren galderei erantzun zieten. “Zer ordutan jantziko zarete?” zioten bisitariek, “eguerdi aldera” erantzun joaldunek; “baina dagoeneko hamabiak dira”, “orduan, ordubatean”. Azkenean, gauza guziek bere denbora behar dutenez, ordubata terdiak aldera jantzi ziren denak, plaza jendez gainezka zegoenean. Ordurako mozorroak hasiak ziren lanean, iratzez, lastoz, egurrez eta baita patataz egindako karrozekin ere. Akerra, astoak eta ponniak lagun zituzten. Taloak, opilak eta salda ere banatu zen, goizeko hotzari aurre egiteko. Zubietako joaldunek herrian bi itzuli eman ondotik, errota aldera atera ziren, Aurtitz eta Iturengo joaldunei ongietorria emateko. Denak elkartuta, 52 joaldun heldu eta Zubietako bertze 6 mutiko ibili ziren ibilbidea osatzen. Behin plazara ailegatuta, bakoitzak bere opila jaso zuen, berriz ere mozorroei bere lana egiten uzteko.

 

Kontuen Egunak

Orain, kontuen txanda dator Zubietan asteazkena izanen da hondar eguna. Bazkaldu ondotik kontuak egiten dira. Ondotik joareak jarri eta Aurtitz eta Iturendarrei azken bisita egiten zaie ilunabarrean. Aurtiztar eta iturendarrak asteazkenean bazkaria eta arratsaldean etxez etxe ibiltzen dira oraindik joare eta trikitilariekin. Ondotik afariak izaten dira elkarteetan.

Kontuen eguna izaten da, hain zuzen, Inauterietako azkena. Egun horretan ez da joarerik jotzen. Inauteriak akitu eta hurrengo larunbatean egin ohi da Iturenen eta Aurtizen igandean. Iturenen bazkaria izaten dute Herriko Etxean. Bazkaldu aitzinetik herriko dantzariak bertsolariak eta aizkora apostua izanen dira herriko plazan. Bazkaldu ondotik dantzaldia izanen da eta bestarekin segitzeko aukera dago, afari eta dantzaldian.

Aurtitzen xaharren afaria egiten dute eta Iturenen kontuen afaria, inauteriak heldu den urtera arte agurtuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun