Auzia hasi zenetik ia zortzi urte bete direnean, Udalbiltzaren eta ETAren artean loturarik ez dagoela frogatutzat eman du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Eta horregatik, absolbitu egin ditu Udalbiltza eta hango kide izateagatik epaitutako euskal herritarrak. Denak hautetsiak edo alkateak ziren, eta tartean Jasone Astibia Zubietako zinegotzi ohia eta Udalbiltzako Batzorde Eragileko kide izandakoa. Urtarrilaren 20an jakinarazi zuen epaia epaimahaiak eta hor irakur daitekeenez, «Udalbiltza proiektu nazionalista da, ez proiektu terrorista».