Astebetez herrian posta banatu gabe egon ondotik kexu da Udala

TTIPI TTAPA 2011ko otsailaren 1a

2009ko uztailaren 12an Correosek egin nahi zuen postontzien kontzentrazioaren kontra agertu ziren eskualdeko hamabi udal Sunbillan. Correosen asmoa ez da bete oraindik. Artxiboko argazkia

Gutunik ez, baina prentsa banatu dela ere salatu du

Abenduaren 27tik urtarrilaren 2rako astean Correosek herrian gutu­nik ez zuela banatu eta kexu agertu da Udala eta urtarrilaren 14ko ba­tzarrean erabaki zuenez, arrenkura hori eskutitz bidez igorri dio posta zerbi­tzua kudea­tzen duen erakundeari. Hain zuzen, Correosekin ha­rremanean jarri eta zerbitzuaren etena langilerik ez zutelakoz izan zela adierazi zion Udalari. «Gaur egun dagoen langabe kopuru handiarekin sinestezina dirudi aitzakia horrek», aipatu digu Paco Erran­donea alkateak. Nonbait, orain arte Sunbi­llan aritu den postariari kontratua akitu eta urtarrilaren 3ra arte ez zitzaion langile berriari kontraturik egin. Urte hasieratik postari be­rria ari da lanean.

Abenduaren 27tik urtarrilaren 2ra arteko aste horretan korres­pon­dentzia zerbitzu arrunta ez zen bete eta beraz, gutunik ez zen banatu etxeetan, bai, ordea, eguneroko pren­tsa. Hortaz, Udalak galde­ra hau egin dio Correos-i: «Garrantzi­tsuagoa al da edozein dendetan erosten al den eguneko prentsa bana­tzea urgentziako bertze edozein ziurtagiri edo medikuko hi­tzordua baino? Egiten ahal duten presioaren beldur al dira?». Paco Errandonea alkateak azaldu digunez, «medi­kuarekin hi­tzordua zuen baserritar batek data hori galdu egin du».

2009an hitzetik hor­tzera ibili zen buzoien kontzentrazioari dagokionez, oraindik ez dela deus egin erran digu Errandoneak. «He­rritar batzuek buzoiak elkartu zituzten, baina orain­dik etxez etxe banatzen dute. Ez dakigu noiz arte, Pablo Delgado Co­rreosek zonaldean duen arduradunak adierazi zigunez, de­kretuak baserri auzoetako buzoiak elkar­tzea eska­tzen baitu. Hortxe dabiltza bere dekretuekin eta araudiarekin eta erabiltzaileok dena bete behar dugu bitartean, Co­rreo­sek nahi duen guzia egiten du. Ibili eta buel­ta hor heldu dena pribatizazioa da», dio alkateak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun