ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek urtarrilaren 27rako deitu zuten grebak segida zabala izan zuen, bereziki industrian.
Industria
Bortzirietan, orain bitan banatua dagoen Lesakako lantegian produkzioa erabat gelditu zen. Arcelor Processing lantegian langileen %100ak greba egin zuen eta Arcelor Mittalen, berriz, %98ak. ELA eta LABeko iturriek jakinarazi zutenez, «hamar langile sartu dira lanera, UGTko delegatuak eta hitzarmenetik kanpoko langileak». Zalain Transformados eta Savera lantegiak ere itxiak egon ziren eta ustekaberik handiena Funveran gertatu zen, langileen batzordean ELAko 7 ordezkari eta LABeko 2 izanagatik, langileen erdia baino gehiago lanean aritu baitzen. Alkaiga industrialdean langileen %70ak segitu zuen greba.
Malerrekan, Aparan industrialdean langileen %80a gelditu zen eta zenbait auto tailer eta kontzesionario ere itxi egin ziren.
Baztanen, Arizkungo Ordoki industrialdean langileen erditsuak segitu zuen greba.
Leitzan, Sarriopapel erabat itxi zen.
Irakaskuntza
Irakaskuntzari dagokionez, Baztan-Bidasoan orokorrean irakasleen %65-70ak segitu zuen greba, baina gorabeherak izan ziren.
Baztango eskola ttikietako 70 irakasleetatik 50ek greba egin zuten. Lekaroz eta Elizondoko institutuan irakasleen %50 eta ikasleen %100 ez zen klasera joan eta Berako Toki-Ona institutuan %53. Berako Labiaga eta Lesakako Tantirumairu ikastoletan ez zen klaserik izan, nahiz eta guttieneko zerbitzuak eskaini ziren eta Lesakako Irain Eskola Publikoan normaltasunez eman ziren klaseak. Malerrekan, irakasleen %70ak egin zuen greba.
Komertzioa
Komertzio ttikian grebak izan zuen segidari dagokienez, Donezteben %80 itxi zen informazio piketeak pasatu zirenean, Elizondon bezalatsu, Beran %50 inguru itxi zen goizean eta gehixeago arratsaldean eta Lesakan %90 inguru itxi zen. Leitzan ere denda asko itxi ziren.
Administrazioa
Administrazio arloan, Bortzirietako udal eta mankomunitateek greba egin zuten, nahiz eta guttieneko zerbitzuak eskaini. Lesakako kiroldegia ere itxia egon zen. Leitzaldean ere itxiak egon ziren Herriko Etxeak. Baztango Udalean ia normaltasunez lan egin zuten eta Malerrekan zenbait gorabehera izan ziren herrien arabera. Arratsaldean manifestazioak izan ziren Beran –Zalaingo poligonotik Berako Herriko Etxeraino 300 bat lagun bildu ziren– eta Leitzan.