«Antzinakoen kantuak atxikitzeak etorkizunari oldar bat ematen dio»

Gurutze PIKABEA 2011ko ots. 1a, 12:41

Auxtin Zamora “XIX. mendeko kantu ahantziak” liburua eskuetan duela. Aitor Arotzena

Senpereko Musumielenia etxeko Marcel Arribillaga eta bere anaia kantari ohargarriak omen ziren. Behiak deizten aritzen zirenean, jen­dea xoratua egoten omen zitzaien behitegiko atean, haien entzuten. Eta haien arreba Marixanek kaiera batean kanta haiek idazteari ekin zion 1910ean. Senperen esku batetik ber­­t­zera ibili zen kaiera 1916ra arte, eta tart­e horretan hainbat kantu idatziak izan ziren. Hain zuzen, kaiera horretan oinarrituz argitaratu dute XIX. mendeko kantu ahantziak liburua Senpereko Oxtikenekoak eta Hatsa elkarteek.

 

1910ETIK 1916RA IDATZIA

«Senpereko etxe askotan, sei urtez, kaier hau ibili zen, aldi oroz ikasia izanez eta batzuetan kantu batez edo bestez gehitua izanez. Hala ere, kantuen gehiengoa Marixan Arribillaga Marcelen arrebak idatzi zuen, eta azpimarragarria da Jean Barbier Senpereko erretore eta idazle famatuak kaier hortan parte hartu zuela»

 

Nolatan sortu zitzaizuen liburu hau argitaratzeko asmoa?

Duela 10 urte Senpereko Oxtikenekoak elkartekoak Kantu Zaharraren Egun baten egituratzen hasi ginen. Geroztik zazpi ekitaldi iragan dira, baina laister sentitu ginuen ez zela aski kantuen abestea, bazirela segur, oraino gorderik, nunbait, zaudezkeen kantu batzuk. Horrela, eskuin eta ezker eskatuz, eta menturaren laguntzarekin zorteak lagundu gaitu ahantziak ziren kantu batzuen aurki­tzen. Publikatu dugun XIX. mendeko kantu ahantziak kantu liburu hau ikertze lan horretatik dator.

Zein helbururekin egin duzue?

Liburu horren publika­tzea gure barnean edo gure bazterrean dugun euskal funtsaren atxikitzean eta garatzean oinarritzen dugu. Gure antzinakoen ka­tuak oraino gure barnean­ atxikitzeak etorkizunari oldar bat eman diezaiokeela pentsatzen dugu...

Ez da Oxtikenekoak argitaratzen duen lehen kantu bilduma...

Ez, hau hirugarrena dugu. Duela 10 urte Senpereko kantu xaharrak deitu bilduma bat plazaratu ginuen, 80 bat abesti zahar ezezagunekin. Garai hartan horietatik zonbait TTIPI-TTAPAn ere publikatu ziren. Gero, Sarako Arufaria familian aurkitutako 52 kantuko koaderno bat agertarazi ginuen duela lau urte, Sara, Senpere, Azkaingo atzoko kan­tuak tituluarekin. Kaier hori 1914-1918 Mundu Gerla garaian idatzi zen.

Nor zen Marcel Arribilla­ga?

Kantari paregabe bat. Gure burasoek zioten, nola arratsetan behiak deizten ari zelarik jendea egoten zitzaion, xoratua, be­hi­tegiko atean, bere en­tzuten.

Kaier honen historia berezia da, ez delako per­tsona bakarrak idatzia...

Kaier hau 1910 eta 1916 urteen artean idatzia izan zen. Garai haietan ez zegoen orain bezala kopia egiteko tresnarik, beraz, behar ziren hitzak buruz hartu eta eskuz idatzi. Senpereko etxe askotan, sei urtez, kaiera ibili zen, aldi oroz ikasia izanez eta batzuetan kantu batez edo bestez gehitua izanez. Hala ere, kantuen ge­hiengoa Marixan Arribillaga Marcelen arrebak idatzi zuen, eta azpimarragarria da Jean Barbier Senpereko erretore eta idazle famatuak kaier hortan parte hartu zuela.

Historiaren aztarnak ere baditu liburuak...

Egunean eguneko gertakizunez gain, kaier hau XIX. mende bukaera eta XX. mende hastapena garaien lekuko historikoa dugu: Karlistadak, Hego Ameriketarat emigratzeak, Frantziako barne politika, eliza eta estatuaren arteko gatazkak, Lehen Mundu Gerlaren aipamenak... aurki ditaizke, bai eta oraino antzina­goko aztarnak ere: fran­tses iraultzarenak edo Na­poleonen denborakoak.

Zerk piztu dizue arreta?

Kaiera idatzi zen garaian Hegoaldeko kantuak ere gure lapurtar eskualdean asko kantatzen zirela ohartu gira: Lesakako atsoa­k, Kanta jartzera noa, Oiar­tzundarrak, Ciento cincuenta reales, Behin batean Loiolan...

Etorkizunera begira zein helburu dituzue?

Ostikenekoak elkarteak bere bide kulturala aurten ere segituko du animazio batzuk egitaratuz, bai eta Oxtikenea bere egoitza antolatuz. Aldiz, Hatsa elkarteak 13. aldi batez, olerki bilduma argitaratuko du Euskal Herriko olerkari askoren parte hartzearekin. Bestalde, aurten lehen aldikotz, Euskal Herri osoan apiri­laren 2an Olerkarien Eguna deitu ekimen orokor bat egituratuko du. Eta segituko du beste liburu batzuen, bereziki olerkigintzan, argitara­tzen­ eta gertakari poetiko batzuen antolatzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun