62 joaldun bildu ziren Iturenen Inauterietako Astelehenean

TTIPI TTAPA 2011ko otsailaren 1a

Mozorroek prestatutako tramankulu honek ikusmina piztu zuen. Juan Mari Ondikol

Astearte eguerdian Zubietara eginen dute bixita

Azkeneko bi urteetan euriak joareen soinuak itzali baldin bazituen ere, asteleheneko neguko eguraldi hotz baina idorrari esker ederki aditu ziren Iturenen joaldunen doinuak. Guzira 62 elkartu ziren, 28 Iturengoak, 20 Zubietakoak eta 14 Aurtizkoak.

Azkeneko bi urteetan euriak joareen soinuak itzali baldin bazituen ere, asteleheneko neguko eguraldi hotz baina idorrari esker ederki aditu ziren Iturenen joaldunen doinuak. Guzira 62 elkartu ziren, 28 Iturengoak, 20 Zubietakoak eta 14 Aurtizkoak. Lasagako Zarandia parean elkartu eta hartza erdian hartuta hurbildu ziren Iturengo plazaraino. Azkeneko 30 urteetan bezala, 57 urteko Lazaro Erregerena izan zen buru, baina beteranoekin batera, mutiko ttikiak ere atera ziren joareak jantzita, hiru urteko Urki Ariztegi bezala.

Ordurako, mozorroek plaza hartua zuten eta haien motozerra soinuekin ez zen hain ongi aditu herrian joare soinua. Horregatik, kexu ziren joaldunak, nolabait beraien txanda, soinua eta protagonismoa kendu zietelako. Aurten ere mozorro ikusgarriak ikusi ziren Iturengo plazan. Errate baterako, irudian ageri den bizikleta-tandem erraldoi horrek ikusmina piztu zuen, herritarrengan, baita joaldunengan ere, hauek aperitiboa hartzen zuten bitartean. 

Astearte eguerdian, Ituren eta Aurtizko joaldunak Zubietara joanen dira eta bertakoekin batera ibiliko dira, inauterietako azken txanpan.

 

Inauteria Europako Errege

Nafarroako Gobernuak Interes Kulturaleko Ondasun izendatu zuen iaz Ituren, Aurtiz eta Zubietako inauteria. Baina Malerrekan ez ezik, Euskal Herri osoan eta hemendik kanpo ere, Katalunian, Espainian, Alemanian, Frantzian edo Suitzan ere ezagutzera eman dute joaldunen irteerek. Joan den urtean, Behobia-Donostia lasterketan helmugaratzen lehenak izan ziren Iturengo joaldunak. Astelehenean nazioarteko adituak hurbildu ziren Iturenera. Izan ere, Italiako Trento hiri ondoan dagoen Erabilera eta Ohituren Museoak bultzatuta “Inauteria Europako Errege” egitasmoa landu nahi da eta Ituren, Zubieta eta Aurtizko inauteriak, Euskal Herriko bertze batzuekin batera, proiektu honetan sartuko dira. Amaia Bazterretxea, Bilboko Euskal Museoko zuzendaria gidari zutela, Errumania, Bulgaria, Kroazia, Mazedonia, Eslobenia, Italia eta Frantziako adituak izan ziren Iturengo inauterietan, argazki eta bideo irudiak hartzen. Europa osoan erakusketa ibiltaria egiteko asmoa dute eta 2012ko inauterietan Bilbora ailegatuko omen da. Bazterretxeak zioenez, “joareak Europako bertze inauterietan ere ibiltzen dira, mendialdeetan batez ere”.

Kontuen Egunak

Astelehen eta astearteko joaldunen eta mozorroen harat-honaten ondotik, kontuen txanda etorriko da. Zubietan asteazkenea izanen da hondar eguna. Bazkaldu ondotik kontuak egiten dira. Ondotik joareak jarri eta Aurtitz eta Iturendarrei azken bisita egiten zaie ilunabarrean. Aurtiztar eta iturendarrak asteazkenean bazkaria eta arratsaldean etxez etxe ibiltzen dira oraindik joare eta trikitilariekin. Ondotik afariak izaten dira elkarteetan.

Kontuen eguna izaten da, hain zuzen, Inauterietako azkena. Egun horretan ez da joarerik jotzen. Inauteriak akitu eta hurrengo larunbatean egin ohi da Iturenen eta Aurtizen igandean. Iturenen bazkaria izaten dute Herriko Etxean. Bazkaldu aitzinetik herriko dantzariak bertsolariak eta aizkora apostua izanen dira herriko plazan. Bazkaldu ondotik dantzaldia izanen da eta bestarekin segitzeko aukera dago, afari eta dantzaldian.

Aurtitzen xaharren afaria egiten dute eta Iturenen kontuen afaria, inauteriak heldu den urtera arte agurtuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun