Sunbillako inauteriak karroza desfile ikusgarriarekin akitu ziren

TTIPI TTAPA 2011ko urtarrilaren 31

Sunbillako suhiltzaileek patxadaz itzali zuten baserriko sutea. Aitor Arotzena

12 karroza eta jendetza handia bildu ziren herriko karriketan igande goizean

Ortziralean baserrietako puxka biltzearekin hasi ziren inauteriak igandeko karroza desfilearekin, zerri eta bildotsaren zozketarekin, herri bazkariarekin eta dantzaldiarekin akitu ziren Sunbillan.

Ortziralean baserrietako puxka biltzearekin hasi ziren inauteriak igandeko karroza desfilearekin, zerri eta bildotsaren zozketarekin, herri bazkariarekin eta dantzaldiarekin akitu ziren Sunbillan.

Ohikoa denez, igande goizeko karrozen desfilea ikusgarria suertatu zen. Aitzineko urteetan baino orga guttixeago izanagatik, dozena bat ibili ziren karrikaz karrika. Beti bezala, desfilea irekitzen Ulibeltzak elkarteko hiru karrozak joan ziren, ohiko menua eskainiz: tortilla (eskean bildutako 120 arraultze dozena erabili ziren), hezur salda (400 litro, baina denak akitu ziren ibilbidean), 500 talo, 130 kilo gaztaina eta 200 litro ardo.

Ulibeltzak elkarteko karrozen ondotik, Dukesita eta Alfontxito izenekoa heldu zen, Albako Dukesaren eta bere nobioaren ezkontza irudikatuz. Segidan, Ipar Poloa izenekoan, haurrak pinguinoaz mozorrotuak zeuden eta helduak eskimalez eta ondokoan, guraso eta haurrek Euskaltelen Online nago anuntzioa egiten zuten, laranjaz jantziak, ordenagailu eta USB eta guzi.

Ederki landutako bertze karroza batean Santiago Bidea egiten ari ziren erromesak ageri ziren: hasieran, Orreagako kolegiata eta bukaeran, Santiagoko katedrala, botafumeiro eta guzi. Beteranoenen koadrillak, mota guzietako produktuak saltzen zituen “merkadilloa” eskaini zuen eta gazteenek, berriz, rap eta hip-hop doinuekin dantzatu zuten Sunbilla Street-en. Seguruenik, gehien landutako karroza Sunbillako “suhiltzaileena” izan zen. Alde batean, baserria sutan baserritarra barnean zela eta gibeletik suhiltzaileen kamioia. Patxadaz hartu zuten erreskatea, nahiz eta aparra ausarki bota eta behin baserritarra ke artetik aterata, garagardoarekin artatu zuten. Gibeletik heldu zen anbulantzian sartzeko ere nahiko lan izan zuten.

Mutil talde honen ondotik, Bollywoodeko filma bateko aktoreak irudikatu zituzten neskak zeuden, Indiako dantzak eta mugimenduak eginez. Desfilea ixteko, Krisi garaian ilusioa Sunbillan karroza ageri zen. San Ildefonsoko neska eta mutil dotoreek zozketa egiten zuten, bonbo handi batekin, baina bolak airean ateratzen ziren, jendearen irri artean. Karrozen artean, zerriaren eta bildotsaren zozketarako errifak salgai jarri zituzten euro batean eta denera kasik 7.000 saldu omen dituzte aurten.

Izan ziren bakarka ere ateratzera animatu zirenak. Honela, Iberiako azafata bat, bere hegazkina arraka zuela ikusi zen, maleta eta kutxa beltza berekin zituela. Istripuan zauritua, erizaina eta medikua irudikatzen zuen hirukotea ere ibili zen karrikaz karrika.

 

Zerria eta bildotsaren zozketa

Behin frontoira ailegatutakoan, zerriaren eta bildotsaren zozketa egin zen. Zerria, Sunbillako Joseba Altzuri Arretxeak erositako 3.486 zenbakiari egokitu zitzaion eta bildotsa, berriz, Elbeteko Xabier Urreaga Etxenikeri. 80 bat lagun bildu zituen bazkariarekin eta Jalisko Band taldearekin egindako dantzaldiarekin akitu ziren aurtengoz Sunbillako inauteriak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun