Urtarrilaren 27ko grebak segida zabala izan du

Aitor Arotzena 2011ko urtarrilaren 27a

Arcelor lantegia itxia egon zen Lesakan. Aitor Arotzena

Bortzirietan eta Leitzaldean lantegi handienak itxi ziren, baina Funveran langileen erdia baino gehiago aritu zen lanean

Eskualdean gehiengoa duten sindikatuek urtarrilaren 27rako deitu duten grebak segida zabala izan du, batez ere industria arloan. Komertzioetan gorabeherak izan dira eskualdeen arabera, eta administrazioan eta irakaskuntzan, zenbait udal, mankomunitate eta ikastetxe itxiak egon diren bitartean, bertze batzuk normaltasunez egin dute lan. Komertzio arloan ere, denden erdia baino gehiago itxiak egon dira eta zenbait herritan %90era ere iritsi da grebaren jarraipena.

Eskualdean gehiengoa duten sindikatuek urtarrilaren 27rako deitu duten grebak segida zabala izan du, batez ere industria arloan.

 

Industria

Bortzirietan, orain bitan banatua dagoen Lesakako lantegian produkzioa erabat gelditu zen. Arcelor Processing lantegian langileen %100ak greba egin zuen eta Arcelor Mittalen, berriz, %98ak. ELA eta LABeko iturriek jakinarazi zutenez, “hamar langile sartu dira lanera, UGTko delegatuak eta hitzarmenetik kanpoko langileak”. Zalain Transformados eta Savera lantegiak ere itxiak egon ziren eta ustekaberik handiena Funveran gertatu zen, langileen batzordean ELAko 7 ordezkari eta LABeko 2 izanagatik, langileen erdia baino gehiago lanean aritu baitzen. Alkaiga industrialdean langileen %70ak segitu zuen greba.

Malerrekan, Aparan industrialdean langileen %80a gelditu zen eta zenbait auto tailer eta kontzesionario ere itxi egin ziren.

Baztanen, Arizkungo Ordoki industrialdean langileen erditsuak segitu zuen greba.

Leitzan, Sarriopapel erabat itxi zen.

 

Irakaskuntza

Irakaskuntzari dagokionez, Baztan-Bidasoan orokorrean irakasleen %65-70ak segitu zuen greba, baina gorabeherak izan ziren.

Baztango eskola ttikietako 70 irakasleetatik 50ek greba egin zuteb. Lekaroz eta Elizondoko institutuan irakasleen %50 eta ikasleen %100 ez zen klasera joan eta Berako Toki-Ona institutuan %53ak. Berako Labiaga eta Lesakako Tantirumairu ikastoletan ez zen klaserik izan, nahiz eta guttieneko zerbitzuak eskaini diren eta Lesakako Irain Eskola Publikoan normaltasunez eman ziren klaseak. Malerrekan, irakasleen %70ak segitu du greba.

 

Komertzioa

Komertzio ttikian grebak izan duen segidari dagokienez, Donezteben %80 itxi zen informazio piketeak pasatu zirenean, Elizondon bezalatsu, Beran %50 inguru itxi zen goizean eta gehixeago arratsaldean eta Lesakan %90 inguru itxi zen. Leitzan ere denda asko itxi ziren.

 

Administrazioa

Administrazio arloan, Bortzirietako udal eta mankomunitateek greba egin zuten, nahiz eta guttieneko zerbitzuak eskaini zituzten. Lesakako kiroldegia ere itxia egon zen. Leitzaldean ere itxiak egon ziren Herriko Etxeak. Baztango Udalean normaltasunez lan egin dute eta Malerrekan zenbait gorabehera izan dira herrien arabera.

Ortzegun arratsaldean manifestazioak izan ziren Beran (Zalaingo poligonotik Berako Herriko Etxeraino 300 bat lagun bildu ziren) eta Leitzan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun