Inauteri giroan murgiltzen hasi dira Aurtitz, Ituren eta Zubietan

TTIPI TTAPA 2011ko urtarrilaren 26a

Joaldunak Iturenen bilduko dira astelehenean eta Zubietan asteartean. Artxiboko argazkia

Ortzegunean puxka biltzen hasi ziren eta heldu den astelehen eta asteartean ibiliko dira joaldunak

Inauteriak hasiak ditugu eta Ituren, Aurtitz eta Zubietan joare soinuak somatzen hasi dira urtarrilaren 27tik aitzinera. Ortzegunean puskak bildu dituzte etxez-etxe Ituren eta Aurtitzen, baina Zubietan, igandean aterako dira lehen aldiz puxkak biltzera. Hala ere, astelehena eta asteartea izaten dira egun haundiak, eskean ez ezik joareak eta mozorroak ere desfilean ibiltzen direnak.

Inauteriak hasiak ditugu eta Ituren, Aurtitz eta Zubietan joare soinuak somatzen hasi dira urtarrilaren 27tik aitzinera. Ortzegunean puskak bildu dituzte etxez-etxe Ituren eta Aurtitzen, baina Zubietan, igandean aterako dira lehen aldiz puxkak biltzera. Hala ere, astelehena eta asteartea izaten dira egun haundiak, eskean ez ezik joareak eta mozorroak ere desfilean ibiltzen direnak.

 

Urtarrilak 31, astelehena

Zubietako joaldunak, mozorro eta karrozek lagunduta, bisita eginen diete aurtiztarrei lehenik. Herriari bira eman eta salda beroa hartu ondotik Iturenera joanen dira. Lasagako Zarandia parean, Iturengo joaldunekin elkartu eta herrian barna buelta emanen dute. Joaldunek aperitiboa hartzen duten bitartean, Iturengo plazan karroza bakoitzak bere ikuskizuna eginen du.

 

Otsailak 1, asteartea

Ituren eta Aurtizko joaldunek bisita bueltatuko diete Zubietarrei. Urtero-urtero, batzuen ustez natura ernatzeko eta uzta berri eta ugariak emateko egiten den ohiturari eutsiz.

 

Otsailak 2, asteazkena

Zubietan egun hau izaten da inauterietako azken eguna. Bazkaldu ondotik kontuak egiten dira. Ondotik joareak jarri eta Aurtitz eta Iturendarrei azken bisita egiten zaie ilunabarrean. Aurtiztar eta iturendarrak asteazkenean bazkaria eta arratsaldean etxez etxe ibil­tzen dira joare eta trikitilariekin. Ondotik afariak izaten dira elkarteetan.

 

Kontuen egunak

Kontuen eguna izaten da, hain zuzen, Inauterietako azkena. Egun horretan ez da joarerik jotzen. Inauteriak akitu eta hurrengo larunbatean egin ohi da Iturenen eta Aurtizen igandean. Iturenen bazkaria izaten dute Herriko Etxean. Bazkaldu aitzinetik herriko dantzariak bertsolariak eta aizkora apostua izanen dira herriko plazan. Bazkaldu ondotik dantzaldia izanen da eta, mozkorraldia izugarria ez bada, bederen, bestarekin segitzeko aukera dago, afari eta dantzaldian.

Aurtitzen xaharren afaria egiten dute eta Iturenen kontuen afaria, inauteriak heldu den urtera arte agurtuz

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun