Udalbiltzaren eta ETAren artean loturarik ez dela frogatu uste du Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. zigor salak, eta, horregatik, absolbitu egin ditu Udalbiltza eta hango kide edo langile izateagatik auzi horretan epaitu dituzten hogei euskal herritarrak. Denak hautetsiak edo alkateak ziren, tartean Oskar Goñi eta Jasone Astibia, Berako eta Zubietako zinegotziak.
«Udalbiltza ETAren proiektu bat dela esaten duen hipotesiak ez du balio. Hautetsien batzarra ideia eta proiektu abertzale bat da, bertzerik gabe; ez proiektu terrorista bat», dio Javier Gomez Bermudez, Manuela Fernandez Prado eta Ramon Saez Valcarcel magistratuek idatzi duten epaiak. Horrela, hankaz goiti bota du Baltasar Garzon epaileak polizia txostenetan oinarriturik aurrera eraman zuen tesia. Nolanahi ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak ia zortzi urte behar izan ditu berak abiatutako auzibidea ixteko, eta, bitarte horretan, hamahiru lagun pasatu dira espetxetik eta 21 lagun auzipetu dituzte. Epaia irmoa izateko bidean da, gainera, Fiskaltzak jakinarazi baitzuen helegiterik ez duela jarriko.
Nolanahi ere, Dignidad y Justicia herri akusazioak ere badu aukera Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko. Oskar Goñi sententziarengatik kontent agertu da, “baina pozak erdizka izaten dira herri honetan, oraintxe berean hamar pertsona inkomunikatuak baitaude eta seguruenik guri egin ziguten akusazio berdintsua eginen diete”.