Nafarroako mendialdeko arrantzaleek bi berri batean jaso zituzten urtarrilaren 4an Begoña Sanzberro Nafarroako Gobernuko Ingurumen kontseilariaren ahotik. Berri ona: hiru urteko debekuaren ondotik berriz ere arrantza egin ahal izanen dela sasoi honetan. Berri txarra, arrantzale bakoitzak gehienez bortz egun izanen dituela arrantza egiteko.
Horretaz gain, hiru urteko debekuaren eraginez, amuarrain kopurua bikoiztu egin dela jakinarazi zuten Gobernuko ordezkariek. 2007an Hektareako 1.635 amuarrain zenbatu zituzten eta 2010ean, Hektareako 3.347 amuarrain. Hain zuzen, maila «normala» kontsideratzen da, kopuru hori 2.000 eta 4.000 amuarrainen artean dagoenean. Aurten, maiatza eta ekainean 27.966 arrantza-pase emanen dituzte Nafarroako mendialdeko erreketan arrantza egiteko. Horietatik 9.724 Baztan-Bidasoalderako izanen dira. Maiatzaren 1etik ekainaren 30era arrantzatu ahal izanen da, astearteetan izan ezik. Beraz, arrantzarako 52 egun izanen dira, baina arrantzale bakoitzak gehienez bortz baimen eskatzen ahal ditu telefonoz edo Internet bidez eta eguneko hiru amuarrain baino gehiago ezin izanen ditu eraman. 20 zentimetro baino guttiago edo 35 zentimetro baino gehiago dituzten amuarrainak errekara bueltatu beharko dira.
Izokin denboraldia
Izokin denboraldiari dagokionez, 2010ean errekan goiti joan diren izokinak kontuan hartuz (500 inguru), aurten 39 izokin arrantzatzeko baimena emanen da (iaz 20 izokinekin itxi zen denboraldia). Sasoia maiatzaren 1etik uztailaren 17ra arte izanen da, edo bertzenaz, 39. izokina arrantzatzerakoan itxiko da.
Formakuntza Donezteben
Aurtengo bertze berrikuntza Doneztebeko kirol arrantza edo heriotz gabeko arrantza eskola izanen da. Doneztebeko Udalak eta Ingurumen Departamentuak sinatutako hitzarmenaren ondorioz, arrantza formakuntza eskola hau Doneztebe zeharkatzen duten hiru erreketan eginen da, Ezkurran, Ezpeluran eta biak elkartuta sortzen den Galbaraialden. Momentuan ez da bertze daturik, baina denboraldia hurbiltzen denean jakinaraziko direla aipatu dute.
DATUA
3 AMUARRAIN
arrantzatu ahal izanen ditu bakoitzak eguneko. 20 zentimetro baino guttiago eta 35 baino gehiago dituztenak errekara bueltatu beharko dira.