Eskualdeko gazte independisten ekimenez, Nafarroako mendialdeko gazteentzako formakuntza jardunaldiak eskaini dira azaroaz geroztik gure eskualdean: Elizondon, Beran, Leitzan, Iturenen, Goizuetan, Arantzan, Lesakan... Txapamendi da ekimen honen izenburua, eta ez txapatu burua eta txapak entzunez formatu, berriz, leloa. Azaroaren 6an abiatu ziren saioak «gaur egun gazteon artean daukagun pasibotasuna eta kritikotasun faltari aurre egiteko». Eta bi hilabete beranduago, ailegatzen ari da helmugara ekimena. Hala, urtarrilaren 29an Aizarotzen, Basaburuan, emanen zaio bukaera.
Ekitaldiak
Sozio-ekonomia, feminismoa, komunikazioa eta teknologia berriak, Aroztegiako jauregiaren proiektua, Euskal Herria, Venezuela... Hainbat izan dira landu diren gaiak. Oraindik egiteko dauden jardunaldien artean, urtarrilaren 22an Palestinari eskainitako solasaldia izanen da Lesakako Arrano elkartean, 19:00etan. Ondotik afaria eginen da.
Egun haundia, halere, Aizarotzen eginen dena izanen da, ilbeltzaren 29an, denetarik izanen baita. 10:00etan gosaria eginen da eta 10:30ean Nafarroa 1512-2012 izanen da hizpide, Nafarroako histoariari begirada emanez. 14:00etan bazkaria eginen da eta 16:00etan euskal estatuaz ariko dira eztabaidan. 18:30ean Break-Dance izanen da, 21:00etan afaria eta akitzeko, 23:30ean kontzertuak.