Bertizko Partzuergo Turistikoak, Bidasoko bide berdearen kudeatzaileak, eskualdeko azpiegitura bultzatzeko ekimen berria paratu du martxan: Bidasoko bide berdearen bloga, www.viaverdebidasoa.wordpress.com. Hilaren 11n egin zen aurkezpena Lesakako Ekaitza ostatu-hostalean. Bidasoko Bide Berdea, baliabide turistiko garrantzitsua izateaz gain, bertakoen zerbitzura dagoen azpiegitura da: herriak komunikatzen ditu modu alternatibo eta jasangarrian, aisialdirako eremua da eta kirola egiteko ere balio du. Blogak, berriz, ikuspegi bikoitza du: turistarentzat informazio euskarria da, baina blog bat izanik, bisitariak bere esperientziak idatz ditzake. Ohiko erabiltzaileek ere berdin erabili ahal izanen dute, informatzeko eta iritziak uzteko.