Urtarrilaren 30ean hasiko diren inauteriei begira dago herria

Fermin ETXEKOLONEA 2011ko urt. 20a, 11:57

Errege Egunaren bezperan, goizean goizetik joareak astindu zituztenak herriko gaztetxoenak izan ziren eta gauean helduek hartu zieten lekukoa. BeƱat eta Olatz

Patxiku Mitxelenak du 14 otorduak prestatzeko ardura

Errege bezperako joare festaren ondotik, inauteriei begira jarriak gaude herritarrak, hori baita urteko bes­te hi­tzor­du nagusietako­ bat Zu­bietan. Hilaren 30­ean, igandearekin, eginen den puxka-bil­tzea­re­kin emanen zaie hasiera eta as­teazke­ne­ra arte, otsai­lak 2, iraunen dute.

Aipatzekoa da, garai batean San Anton egunarekin egiten zela inauteriak prestatzeko bilera, otorduak antolatzeko, adibidez. Orain, ordea, ardura hori Patxi­ku Mitxelenaren eskuetan dago. Bera eta bere laguntzaileak izaten dira inauterietako 14 otorduen arduradunak, inauterien aurreko eta ondoko larunbatetako afariak barne, urtarrilak 29 eta otsailak 5.

Urteekin badira aldatu diren beste kontu ba­tzuk ere. Garai batean, inauteriak antolatzeko elkartean arau zorro­tzagoak izaten ziren. Elkartean ezin izaten zuten ezkonduek sartu, ezta emakumezkoek ere. Orain, aldiz, badute aukera. Elkartean sartzeko gutxieneko adina 18-21 urtekoa izaten zen lehenago, baina orain 16 urtetan sar­tzen dira.

Halere, lehen edo orain, huts egiten ez ditugun ekitaldi horietakoak izan dira beti inauteriak. Eta seguru aurten ere ez dela umorerik faltako.

 

Errege bezpera

Arrakastatsua atera zen Errege Egunaren bezperako besta. Egunez, 14 urtetik beherako gaztetxoak herriko etxeetan zein baserrietan joareak jo eta jo ibili ziren, trukean jatekoa edo dirua hartuz. Gauez, berriz, helduen txanda izan zen. Hiru tokitan afaldu zuen jendeak, Herriko Ostatuan, estalpean eta Errandonean, eta afaldu ondotik, ohiko itzulia egin zuten joareak soinean. Aurtitz eta Iturenen barna ibili ondotik, herrira bueltatu eta 06:00 aldera arte aritu ziren joareak jo­tzen. 40 bat lagun atera ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun