Urtarrilaren 5ean, urtero bezala, goiz-goizetik joareak, larruak, isopoak... prestatzen hasi ziren ttiki nahiz helduak. Arratsaldean herriko gaztetxoenek Ituren eta Aurtitzen ohiko ibilbidea egin zuten joareekin eta beraien ondotik herriko trikitilari gazteek. Arratsean berriz, Iturengo gazteak ostatuan eta Aurtizkoak elkartean afari eder baten bueltan bildu ziren. Eta nola ez, afaldu ondotik joareak ez ziren falta izan. Zubietakoak 02:00ak aldera Aurtitzera etorri ziren eta herriari buelta eman, tragoxka bat hartu eta Iturenera joan ziren Aurtizko joaldunekin batera. Han ziren Iturengo joaldunak ere esperoan eta Iturengo itzulia egin ondotik, denak Zubietara joan ziren. Gau polita izan zen eta inauteriak gainean ditugula oroitarazi zigun giroak.
Inauteriak
Ortzegunarekin, 27an, hasiko dira inauteriak, lehendabiziko puxka biltze eta afariarekin. Ortziralean atseden hartu ondotik, larunbat arratsean berriro ere afaria izanen da. Igande goizean berriz puxkak bildu eta bazkari eta afariak izanen dira elkarteetan.
Eta garrantzitsuenak diren hitzorduak urtarrilaren 31, astelehena, eta otsailairen 1eko mozorro eta joaldunen joan-etorriak izanen dira. Asteazkena lasaixeago joanen da eta denak elkarrekin bazkaldu ondotik, etxez-etxe ibiliko dira.