Joan dira Eguberriak ere, eta horrelakoetan erraten den bezala, guttiago gelditzen da hurrengoetarako. Inguruko herri batzuetan bezala, Olentzeroren etorreraren ondotik, urteko azken egunean, neska-mutikoak urtaskatan ibili ziren bai herrian eta bai baserrietan ere. Taldetan banatuta atera ziren, batzuk apezaren etxetik abiatuta eta bertzeak harategi zaharretik.
Bertzalde, Ulibeltzak elkarteak Urtezahar gauerako antolatua zuen afariak ez zuen arrakasta haundirik izan. Jende guttik eman zuen izena eta horregatik ez zen akordeoilaririk ekarri. Lagun arteko afaria izan zen.
Ilbeltzaren 5ean, berriz, hutsik egin gabe Hiru Errege Magoak bisitan etorri ziren euren laguntzaileekin eta opariz beteta, eta gustura utzi zituzten haurrak. Aurtengoan Jaiotza biziduna egin dutenak Ruben Irigoien, Estitxu Arretxea eta Maren Irigoien Arretxea izan dira.
Inauteriak
Dena prest dago inauterietarako, eta herritarren gogoa ere bai, noski. Urtarrilaren 28ko gazteen baserrietako eskearekin eman zaie hasiera, eta igandera arte, urtarrilak 30, adin guztietako jendearendako ekitaldiak izanen dira. Inauteriei buruzko xehetasun gehiago aldizkariaren gehigarrian aurkituko dituzue.