Doneztebeko Gogor Atxalandabaso, Joxerra Aldabe, Roberto Ordax, David Mindegia eta Sanba San Migel eta Urdiaingo Juanje Lizarraga dira 2010eko azaroaren 25etik eta abenduaren 11ra Ekuadorko Andeetan izan zirenak. Mendiak eta Herriak elkarteak antolatutako ekimenaren bidez izan dira Ekuadorko mendirik garaienetan.
COTOPAXIN BEHERA
«Pentsatu baino denbora ordu gehiago egon ginen 5.000 metrotik gora, lehenbiziko kordada bidea aurkitzen eta irekitzen»
Gogor ATXALANDABASO (Espedizioko kidea)
DATUA
6.310 METRO ditu Chimborazo mendiak. Ekuadorko altuena da eta Doneztebeko bortz lagunek eta Urdiaingo bertze batek 2010eko abenduan igo zuten.
Mendi batek erakargarri izateko ez ditu zortzi mila metro zertan izan, mendi bakoitzak baitu bere xarma. Garaiera bat edo bertze izan, denek badute zerbait. Eta Chimborazo ere berezia da. 6.310 metrorekin, Ekuadorko mendirik altuena da, baina horrez gain, erraten denez, Lurraren erdigunetik urrutien dagoen puntua ere ba omen da. Itsasoaren mailaren arabera, Everest da punturik garaiena, baina Lurra ez denez guztiz esferikoa, Chimborazo kanpoko espaziotik hurbilago omen dago, eta beraz, lurrazaletik urrutien dagoen puntua izanda, Ilargitik hurbilago.
2010 urte hondarrean egindako espedizio batean aipatutako mendi hau, eta Ekuadorko Andeetako bertze gailur batzuk bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten Doneztebeko bortz lagunek eta Urdiaingo bertze batek. Euren eskutik ailegatu zen Doneztebeko Erreka Kirol Elkartearen bandera orain arte inoiz egon den punturik altuenera, 6.000 metrotik gora.
Espedizio antolatua
Mendiak eta Herriak elkarteak antolatutako espedizio batean eman zuten izena Doneztebeko Gogor Atxalandabaso, Joxerra Aldabe, Roberto Ordax, David Mindegia eta Sanba San Migelek eta Urdiaingo Juanje Lizarragak. Mendiarekin zerikusia duten hainbat jarduera antolatzen ditu 1976an sortua den Mendiak eta Herriak elkarteak eta Chimborazokoa 2010erako proposatu zuten, gidari eta guzti. Mendi eta prezio aldetik, interesgarria iruditu eta joatea erabaki zuten doneztebarrek eta Urdiaingoak. Egin beharreko gestioak egin, eta azaroaren 25ean hartu zuten Ekuadorrerako bidea. 14 ordu eta erdiko hegaldiaren ondotik, Quito Ekuadorko hiriburura ailegatu ziren.
Cotopaxi «gogorra»
Chimborazo eta Cotopaxi (5.897 metro) gailurrak izan ziren mendizaleen helburuetako batzuk, eta horretarako aklimatazioari ekin zioten aitzinetik, bertzeak bertze, Laguna Cuicocha (3.600 metro), Fuya Fuya (4.200 metro) eta Guagua Pichincha (4.800 metro) igoz. 5.116 metro dituen Illiniza Nortera ere joan ziren eta ibilaldi ttiki batzuk ere egin zituzten.
Halere, Cotopaxi eta Chimborazo dira aipagarrienak. Izen bera duten herrialdean daude eta sumendiak ere badira, Pichincha bezala. Ez da garaiena, baina Cotopaxi egin zitzaien gogorrena, «ez zizkigun gauzak erraz utzi». Horrela azaldu digu Atxalandabasok: «Jose Ribas aterpetik (4.810 metro) abenduaren 4ko gauean atera ginen, 00:15 aldera, eta abenduaren 5eko goizaldean, 07:30ean, igo genuen gailurra. 10:00 aldera itzuli ginen aterpera. Gogorra izan zen». Kontatu digunez, «Cotopaxiko bideak hautsita zeuden, eta pasabide batetik gutako bat pasatu zenean, hautsi egin zen». Horren ondorioz, «pentsatu baino ordu gehiago eman genituen 5.000 metrotik gora, lehenbiziko kordada bidea aurkitzen eta irekitzen». Ohiko ibilbidea erabiltzeko moduan ez zegoela eta, denbora luzez egon ziren pasabide berriaren bila, eta azkenean Rompe Corazones izenekoa hartu zuten. «Paliza polita», izan omen zen.
Espedizioko gailur altuenerako bidea hartu baino lehen, abenduaren 7arekin igo ziren Whimper aterpera (5.000 metro), eta arrats hartan, 22:00etan, abiatu ziren Chimborazora. Goizean 06:30 aldera lortu zuten helburua, eta hantxe atera zuten Errekako bandera ere. Gailur guztietan Mendiak eta Herriak elkarteko gidari Rafael Martinez ekuadortarra izan zuten ondoan, eta honen laguntzaile Ibanzito. Atxalandabasoren hitzetan, «esperientzia haundikoak» biak ere, eta Fausto izeneko bertze bat ere eurekin ibili zen.
Eguraldia
Eguraldiak ez zien arazo haundiegirik eman, baina somatu zuten eragina. Hasieran dena lainotuta aurkitu zuten, nahiz eta «hori ez zen oztopoa izan mendira joateko», erran digu Atxalandabasok. Horrez gain, «euri eta kazkabar zaparrada batek ere harrapatu gintuen Fuya Fuya mendian. Tontorretik jaisten ari ginela, gure buru gainean ekaitz elektrikoa tokatu zitzaigun, eta bixi-bixi joan ginen behera eta goian gelditu zen. Baina gure azpian laino haundi bat zegoen, beherako bide erdi-erdian, eta gu izan ginen ekaitz horretara sartu ginenak, eta kazkabar ekaitz hark bai pikatzen zuela. Esperientzia polita izan zen».
Helburu guztiak beteta abenduaren 11n itzuli ziren etxera, eta Atxalandabasok aitortu digunez, «gustura eta oso sentsazio onekin». Etorkizunera begira ere, badituzte ilusioak: «Erreka mendi taldeak erakutsi duenez, hemen mendizale asko gaude eta indartsu eta gogo askorekin gabiltza gauza gehiago egiteko. Hori ona da eta helburu gehiago zehazteko desiatzen gaude». Kanpora bertze espedizioren bat antolatu bitartean, hemengo tontorrak zapaltzen segituko dute.
GOGOR ATXALANDABASO ESPEDIZIOKIDEAREN HITZAK
«Ez da bakarrik fisikoki ongi egon behar, elementu asko daude eta mendiak du azken hitza»
Espedizioan parte hartu duten sei mendizaleetako bat da Donezteben bizi den Gogor Atxalandabaso. Bidaia nola bizitu zuen kontatu digu.
• Zergatik aukeratu zenituzten Cotopaxi eta Chimborazo?
Inguruko mendi haundienak direlako eta helburua sei mila metrotako mendia igotzea zelako. Horretaz aparte, erakargarri asko dauzkate, parajeak, inguruko bizimodua...
• Prestakuntza fisiko haundia egin al zenuten espedizioa hasi aitzinetik?
Bai, gutako gehienek lasterka eta mendi bueltak egunero egiten zituzten, fondo eta indar pixka bat hartzeko. Hemengo prestakuntzak gero han nabaritu egiten dira, zenbat eta gehiago entrenatu orduan eta hobe, nahiz eta hau faktore bakar bat izan han ondo ibiltzeko. Gutako beste batzuk, ordea, lan ordutegia dela-eta, ez genuen denbora gehiegirik eduki, baina esperientzia eta konfidantza handiarekin joan ginen. Esperientzia beharrezkoa da baina ez da bakarrik fisikoki ongi egon behar, beste elementu asko daude, eta mendiak du azken hitza.
• Lehen ere horrelako altueratako mendiren batean ibiliak al zarete?
Gehienak ez. Beti dago lehen pausoak emateko aukera eta gehienentzako hau izan da lehenbizikoa, beste batzuentzat ez, ordea.
• Nola joan zen espedizioa?
Espedizioa oso ondo joan zen. Helburu guztiak beteta itzuli ginen. Aklimatazioa gakoa izan zen Cotopaxi eta Chimborazo gailurretara igotzeko, eta horretarako Rafael Martinez gidarekin aklimatazio prozesua egin genuen.
• Gogorra izan al da?
Ez da esperientzia gogorra izan. Dena oso ondo atera zitzaigun eta sentsazio onak eta politak gelditu zaizkigu. Zailtasun haundiena, nire ustez, Cotopaxin izan zen, ez zizkigun gauzak erraz utzi.
• Zein alde dago hemengo mendien eta egin berri dituzuenen artean?
Altuera. Hemengo mendizale gehienek seguru zailtasun haundiagoko gauzak eginak dituztela, baina altuera hartan hemengo teknikak edo gauzak egitea... Beste mundu bat da.
• Zerbait gaineratuko nahi duzu?
Bai. Gu bezalako mendizale asko daude inguruko herrietan. Duela gutxi Sunbillako mendizaleak kanpora joan ziren eta ez dago berri haundirik egin zutenaz. Horrelako mendizaleak animatu nahi nituzke euren ibilaldiak denokin elkarbanatzeko eta erakustaldi gehiago egiteko.