«XIX. mende hondarrera arte laxoa zen inguru honetako pilota joko bakarra»

Aitor AROTZENA 2011ko urt. 20a, 11:06

Tiburtzio Arraztoak urteak daramazki laxoa ikertzen eta horren emaitza da azken liburua. Alicia del Castillo

Tiburtzio Arraztoak (Irurita, 1952) denetarik egin du laxoaren inguruan: pilotari, antolatzaile, epaile eta batez ere, «pilota modalitate zaharrenaren» ikerle. Ikerketa horien ondorioz, lehendik ere baditu zenbait liburu argitaratuak. Laxoaren Gida egin zuen lehenik Txuma Primekin batera, eta 2004an, Guante-Laxoa, la modalidad mas antigua de la pelota vasca argitaratu zuen. Oraingoan, hainbertze argazki eta ilustrazio biltzen ditu, txapelketa ofizialen eta desafioen informazioa, baita laxoa eta plazen inguruan gertatutako bitxikeria aunitz ere.

 

DIRUTZA APUSTUETAN

«Txapelketak antola­tzen hasi ginen arte, beti desafioko partidak izan ziren laxoakoak. Interesgarrienak ibarren artekoak ziren, Baztan Malerrekaren kontra, eta dirua erruz jokatzen zen. 1848an Irunen Gipuzkoa eta Iparraldekoen arteko desafioan 12.000 ikusle bildu ziren eta kalkulatzen da 150.000 libera jokatu zituztela. Sekulako dirutza zen orduan»

 

Hemendik kanpo hain ezezaguna den pilota modalitateari buruz hirugarren liburua idatzi duzu… Hainbertzerako ematen du laxoak?

Bai, bai, bai… Dudarik gabe! Duela mende bat arte, inguru honetan bakar-barrik joko luzean jokatzen zen eta artxiboetan begiratuz gero, seguru badela material gehiago, bitxikeriak, datuak… Kontua aurkitzea, begiratzea eta aztertzea da. Iruditzen zaigu hemen beti frontoian edo ezker-paretean jokatu dela pilotan, baina horrek ehun urte baino gehixeago bertzerik ez du.

Zer ezberdintasun daude laxoari buruz idatzi dituzun hiru liburuen artean?

Laxoaren Gida argitaratu nuen lehenik Txuma Primekin batera, eta hura laxoa ezagutzeko gida xume bat bertzerik ez zen: jokoaren ezaugarriak, arauak… biltzen zituena. 2004an, Guante-Laxoa, la modalidad mas antigua de la pelota vasca argitaratu nuen, 540 orrialdetan laxoaren historia, jokalari onenak, azken urteotako txapelketak eta hainbertze xehetasun bilduz. Oraingo liburu honetako 300 orrialdetan eta 34 kapituluetan, hainbertze argazki eta ilustrazio biltzen ditu, txapelketa ofizialen eta desafioen informazioa, baita laxoa eta plazen inguruan gertatutako bitxikeri aunitz ere, artxiboetan begiratuta topatutako agiriak, jendearekin izandako solasaldietan bilduak. Laxoaren historian zehar izan diren anekdotak biltzen dira eta 25 eurotan salgai dago.

Modalitate zaharrena izanik, noizkoa da bildu duzun daturik zaharrena?

1681eko irailaren 25ean Iturenen jokatu zen laxoa partida baten informazioa bildu dut. Lau gar­tzaindar lau aranztarren kontra aritu ziren. Ehunka lagun bildu zen plazara eta apustuetan ere diru aunitz jokatu zen. Ida­tzian ageri denez, desafioa goizean 11:30ean hasi zen eta gauera bitarte ez zen akitu.

Eta harritu zaituen ber­tzelako bitxikeriarik?

Aunitz daude, zer erranen nizuke? Erraterako, XIX. mendean Mexikotik Baztanera bueltan etor­tzen ziren indianoek zenbat diru jokatzen zuten laxoa partidatan! Baina badira bertze hainbat: erratera baterako, duela 50 bat urte laxoa partidak irratitik zuzenean ematen zituzten Iruritan. Edo Erribera aldeko zenbait herritan laxoa joka­tzeko zituzten ordenan­tzak, baita Tausten ere… Laxoak Europako gisako jokuekin duen harremana ere aztertzen da, edo Valentzia eta Japoniarekin dugun harreman ona ere. Bertze aldetik, pilota plazen historia ere biltzen da, aunitz gaur egun desagertuak direnak, baina bere garaian herri guzietan izaten zen pilota plaza.

Hain zuzen, horixe da Laxoa Elkartearen erronketako bat, plazak ez galtzea…

Gure helburua kirol hau gure eskualde ttiki honetan bederen manten­tzea da, gehiago zabal­tzea kasik ezinezkoa baita. Eta horretan zerikusi handia du plazak mantentzea. Plaza irekirik ez badago, ezin da laxoan jokatu eta gure herrietan joera handia izan da plazak estali eta frontoiak egiteko. Pena da, baina horrek bueltarik ez duenez, daudenak behinipein mantentzen saiatu behar dugu.

Historia handia du laxoak… Eta etorkizuna?

1979an Laxoa Elkartea sortu genuenetik urtean behin txapelketa jokatzeko helburua izan dugu. Egia da hasieran talde gehiago izaten zirela eta jende gehiago ere joaten zela ikustera, baina asmo hura sendotu dugu eta laxoa zer den ezagutzera eman dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!