Abenduaren 27tik urtarrilaren 2rako astean Correosek herrian gutunik ez zuela banatu eta kexu agertu da Sunbillako Udala eta urtarrilaren 14ko batzarrean erabaki zuenez, arrenkura hori eskutitza bidez igorri dio posta zerbitzua kudeatzen duen erakundeari. Hain zuzen, Correosekin harremanean jarri eta zerbitzuaren etetea langilerik ez zutelakoz adierazi zioten Udalari. “Gaur egun dagoen langabetu kopuru handiarekin sinestezina dirudi aitzaki horrek” aipatu digu Paco Errandonea alkateak. Nonbait, orain arte Sunbillan aritu den postariari kontratua akitu eta urtarrilaren 3ra arte ez zitzaion langile berriari kontraturik egin.
Abenduaren 27tik urtarrilaren 2ra arteko aste horretan korrespondentzia zerbitzu arrunta ez zen bete eta beraz, gutunik ez zen banatu Sunbillako etxeetan, bai ordea eguneroko prentsa. Sunbillako Udalak galdera egiten dio Correos-i: “Garrantzitsuagoa al da edozein dendetan erosten al den eguneko prentsa banatzea urgentziako bertze edozein ziurtagiri edo medikuko hitzordua baino? Egiten ahal duten presioaren beldur al dira?”. Paco Errandonea alkateak aipatu digunez, “medikuarekin zita zuen baserritar batek data hori galdu egin du”.
2009 urtean hitzetik hortzera ibili zen buzoien kontzentrazioari dagokionez, oraindik ez dela deus egin aipatu digu Errandoneak. “Herritar batzuk buzoiak elkartu zituzten, baina oraindik etxez etxe banatzen dute. Ez dakigu noiz arte, Pablo Delgado, Correosek zonaldean duen arduradunak aipatu zigunez, dekretuak baserri auzoetako buzoiak elkartzea eskatzen baitu. Hortxe dabiltza bere dekretuekin eta araudiarekin eta erabiltzaileok dena bete behar dugun bitartean, Correosek nahi duen guzia egiten du. Ibili eta buelta hor heldu dena pribatizazioa da”, aipatu digu Sunbillako alkateak.