Joan den urteko abenduaren 20an elkarlan plan berezia martxan jarri zuten Guardia Zibilak eta Foruzaingoak, N-121-A errepidean kamioien abiadura zaintzeko. Izan ere, bi hilabetez lau hildako eragin zuten istripuak izan ziren errepide horretan eta guzietan kamioiak izan ziren tarteko. Plan hori martxan jarri zenetik hilabetea bete ez denean, dagoeneko 154 kamioiei denuntzia jarri die Guardia Zibilak, orduko 70 kilometroko gehieneko abiadura gainditzen zutelako.
Bortz kamioi gidariri karneta kentzeko proposamena ere egin dute, orduko 100 kilometroko abiadura gainditzen zutelako. Guardia Zibilaren arabera, horietako bat, urtarrilaren 14an orduko 104 kilometroko abiaduran gidatzen ari zen, lainopean.
N-121-B errepidean mozketak urtarrilaren 18 eta 19an
Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Departamentuaren Errepideen Kontrol eta Kontserbazio Zentrotik jakinarazi dutenez, N-121-B errepidea 15 minutuz moztu eginen dute urtarrilaren 18 eta 19an, asteartean eta asteazkenean, 14:00etatik 14:15era. Hain zuzen, Arraioz eta Oharriz inguruan eraginen du mozketak 46. eta 47. kilometroen artean, Irurita eta Elizondo arteko saihesbidea egiteko lanetan leherketak eginen direlako. Oharriz auzorako sarbidea ere, NA-4405 errepidea, moztu eginen da ordutegi berean, auzo horretatik Arraiozerako irteeran, Baztan errekako zubia baino lehenxeago.
Baztan aldera doazen ibilgailu arinek, edo Baztanetik Irun eta Iruña aldera joan nahi dutenek Almandoz eta Irurita arteko NA-1210 errepidea erabil dezakete denbora tarte horretan.