Lekarozko Larraldea sagardotegian irekiko da ortziralean, urtarrilaren 14an, 2011ko txotxeko sagardotegi denboraldia. 14:00ak aldera eginen da ekitaldi ofiziala, baina lehen sagardoa nork dastatuko duen ez dute aitzineratu. Joan den urtean, Sebastien Gonzalez pilotariak ireki zuen denboraldia Lesakako Linddurrenbordan. Aurten ere, Jo ala Jo taldekoak arituko dira txalaparta, kirikoketa, txistu, ttunttun eta adar doinuekin ekitaldia girotzen. Tresna horietako aunitz sagardoa egiteko prozesua arintzeko erabiltzen ziren. Ondotik, bazkaria izanen da Larraldean, hainbat gonbidaturekin.
300.000 littro Dolarea Elkarteko sagardotegietan
Lekarozko Larraldearekin batera, Lesakako Linddurrenborda, Berueteko Txasenekoborda eta Behetxonea, Aldazko Martitxonea eta Lekunberriko Toki Alai sagardotegiek osatzen dute Dolarea, Nafarroako Sagardotegien Elkartea. Aurtengoan 300.000 litro sagardo egin dira Nafarroako sagardotegi hauetan, baina sagar urtea izan denez, “baserrietan ere sagardo aunitz egin dela” aipatu digu Jesus Angel Garcia, Larraldea sagardotegiko arduradunak. Lekarozko Larraldean 40.000 litro egin dira eta Lesakako Linddurrenbordan 25.000 litro. Gehien bat sagar gazia eta garratza nahasiz egiten dela aipatu digu Garciak, baina geza eta gozo pixko bat ere behar du. Hori bai, “aurten modu ekologikoan” egin dutela aipatu digu Larraldeako nagusiak eta sagardoa nolakoa izanen den oraindik jakiterik ez badago ere, irakiteko eguraldi eta tenperatura bikaina egin duela aipatu digu. Hori bai, “iaz krisiaren eragina somatu genuen denboraldian eta aurten ere somatuko dugula pentsatzen dut, denek bezala” aipatu digu Garciak.
Larraldea bertako mindegian hazten duten Baztango sagar klase ezberdinak erabiltzen dituzte sagardoa egiteko: anixe, burdintze, mokatia, mokotoluze, mizpiresagar, udaresagar, urtesagar, garzabal, apesagar, amesagar, errekasagar, eztigorri, eztixuri edo eztibeltza, bertzeak bertze.
Linddurrenbordako Juan Mari Lopezek ere Euskal Herriko sagarra erabili du, gehienetan izen berezia hartzen dutenak: anixa, mokoa, patzulua, goikoetxea, txalaka, pelestina, mozolua, manttoni edo ezagunagoa den errezil sagarra.
Beraz, kupeleko sagardoa dastatzeko aukera izanen da asteburu honetatik aitzinera: Txotx!