Aspaldiko partez, aurten Olentzero bera etorri zaigu herrira Jesus jaio denaren berri ekartzera eta haurrei eskuetara opariak ematera.
Eguberri bezperako arratsaldean, herriko haur eta gaztetxoak, etxez-etxe ibili ziren kantari, trikitixaz lagundurik. Ondotik, ostatuan txokolate beroa hartu zuten, Olentzero herrira ailegatu bitartean. Ilunabarreko 18:30 aldera agertu zen, errota aldetik, gaztetxo batzuk suziriekin laguntzen ziotela, herriko plaza aldera, opariak bizkarrean zituela.
Karriketako argiak itzaliak, eta elizako ezkilak ere dandan ibili ziren, harrera osatzeko. Gero, frontoi estalian, aurrei opariak banatu zizkien, ohi den bezala, batzuk gustora hurbildu ziren beregana, baina bertze batzuk negar ere egin zuten.
Gustatu omen zitzaion gure herrira agertzea, eta ongi hartu genuelako, datorren urtean ere gustora etorriko dela erran zuen.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!