Eskualdeko ikasleen %32 inguru landa eremuko eskoletara joaten da

Gurutze PIKABEA 2011ko urtarrilaren 12a

Areso, Goizueta eta Leitzako neska-mutikoak eskolen topaketan. Urdazubi-Zugarramurdi eta Baztango herrietako eskolen besta. Malerreka eta Bertizaranako eskolen topaketan haurrak jolasean. Arantzako es

Baztan, Bertizarana, Bortziriak, Malerreka, Urdazubi-­Zugarramurdi, Areso eta Goizuetan 23 eskola ttiki dira

74 ikasle ditu haundienak, Etxala­rrek, eta lau baino ez ttikienak, Era­tsunek. Desberdina da bakoitzaren egoera, baina badira lotzen dituzten ezaugarri batzuk: he­rrie­tako eskolak dira, publikoak, eta landa eremukoak. Ez dute eskola haundiek adina baliabide, baina haundiek eskaintzen ez dituzten bertze hainbat gauza dute emateko.

Hiri eta herri haundietan dituzten zerbitzu eta az­piegiturarik gabe, eta gabezia eta oztopo gehiagorekin, baina egune­ro-egunero lan haundia eginez, herriei ekarpen haundia egiten diete eskola ttikiek. Ttikiak dira bai ikasle­ eta gi­za baliabideen alde­tik, bai ekonomikoki, bai espazio aldetik edo baita zerbi­tzu aldetik ere. Ttikiak bai, baina ez eskasak.

Gelaren batean be­hin­tzat adin desberdinetako ikasleak izatea da landa eremuko eskola ttikien ezau­garri nagusietako bat, eta urteekin eskola aunitz desagertu badira ere, daudenek aitzinera egin nahi dute. Az­ken 30 urteotan 20-25 es­kola desagertu dira Nafarroan, eta itxitako­ bakar bat bera ere ez da ireki geroztik. Eskual­dean­ ere badira kasuak: Ezku­rra, Zubieta, Berroe­ta, Iruritan bi zeuden garai batean... Haur kopuru­ murritzagatik itxi ziren. Gaur egun, landa eremu­ko eskola ttikiak kon­tsi­dera­tzen diren 23 eskola daude eskualdean eta horietan 767 ikasle. Haur eta Lehen Hez­­kun­tzetan hemen dauden ikasleen %32 eskola ttikietan daude (Sara eta Senpere kontuan hartu gabe). Baztanen 10 eskola ttiki daude (Amaiur, Ziga, Oronoz, Azpilkueta, Arizkun, Erratzu, Irurita, Gartzain, Almandoz eta Arraioz) eta Urdazubi-Zugarramurdiko esko­larekin batera, 11 ikas­te­­txe eta 336 ikasle dira. Malerrekan eta Bertiza­ra­nan 7 eskola eta 161 ikasle daude (Bein­tza-Labaien, Sal­dias, Eratsun, Ituren, Sunbi­lla, Narbarte eta Legasa). Areson eta Goizuetan 88 ikasle dira eta Bor­tzirietan, Aran­tza, Igan­tzi eta Etxalarko eskoletan 182 ikasle. Nafarroako landa eremuko eskola ttikien elkarteko kideak dira. Lesaka, Bera, Elizondo, Doneztebe eta Leitzako ikas­tetxeak landa eremuan daude, baina adin ba­koi­tzeko gela bat dute eta beraz, ez dira eskola ttiki kon­tsi­de­ratzen. Zaila da eskola ttiki guz­tiekin argazki baka­rra egitea, bakoitzaren egoera ez baita berdina. Etxa­l­ar izanen da elkarte­ko haundienetariko bat, zor­tzi gelarekin, eta ttikie­nak Az­pilkueta, Saldias, Era­­tsun, Beintza-La­baien­ eta Legasakoak dira, gela bakarrekoak. koordinatzaileak 2006/2007 ikasturtean Nafarroako Gobernuko Hezkun­tza Departamentuak eta sindikatu batzuek (STEE-EILAS, CCOO eta UGT) Hez­kuntza Hobekuntzarako Ituna sinatu zuten, eta orduan banatu zen Nafa­rroa landa eremuko 11 zonatan. Alde batetik daude Baztan eta Urdazubi-Zugarramurdi; ber­tzetik, Malerreka, Bertizarana, Areso eta Goizueta (Betelu eta Jaun­tsarasekin bate­ra) eta hirugarren mul­tzoan Bor­tzirietako hiru eskolak eta Sunbilla. Eskualde banaketa horren ondotik agertu zen koordinatzailearen irudia ere. Horren berri ongi dakitenak dira Eneko Fernandez, Baztan eta Urdazubi-Zugarramurdiko eskoletako koordinatzailea, lanaldi osoan horretara dedikatzen dena; Mikel Gereka Malerreka eta Bertizaranan irakasle lanarekin koordinatzailearena tartekatzen duena eta Jose Mari Remiro, duela bi urte Bortzirietako koordinatzailea izandakoa. Hiru herrie­tako ordezkarien artean banatua dute orain ardura. Baztangoa izan zen aitzindaria, ituna onartu zenekoa: «Baz­tanen koor­dinaketak lau urte ditu eta fun­tzionamen­dua hagitz ona da», dio Fernandezek. Halere, gabeziak­ «aunitz» dira. Horren adibide, tailerrak egiteko tokirik gabe daudela kontatu digu. Eskoletara etortzen den jende berriari ohi­tzea «kostatzen» zaiola ere azaldu digu, «magisteritza eskoletan eta euren errea­­litatean ez dutelako hemengo egoera ezagutzen». Horrelako proiektu batean sinistea «hagitz garrantzi­tsua» delakoan dago Fernandez, «eta militantzia puntu bat» ere behar omen da. «Urteetan koordinazioa mantendu da Baztanen, baina gatazkak ere izaten dira. Koordinazioa sendo dagoenean ere zaila da mantentzea». Bortzirietan, duela bi urte langile bat koordina­ketara dedikatu zen. Baina iaz orduak banatzea proposatu zieten eta aurten ere hala egin dute, nahiz eta Remirok azaldu digunez, aurten ere pertsona liberatu bat ho­rre­tara dedikatzeko aukera eman. «Banatuta segi­tzea erabaki genuen». Etxala­rren, «egoera­ ona» delakoan dago Remiro, «beharrak ere badaude, eta konple­xuak, baina atenditzeko badago jendea». Ttikiagoak dira Arantza eta Igantzikoa eta bere irudiko, «eskola ttikietan beharrak haundiagoak dira». Borondateari buruz ere aritu zaigu: «bo­ron­datea eta go­goa behar dira, denbora badago». Malerrekan, «koordinatu gabeko toki bat koordinatzea» toka­tzen ari zaio Gerekari, eta bere hitzetan, «ez da batere erraza». Horretan sinis­tu behar da. «Malerrekan urtee­tan talde bat bezala fun­tzionatu zen, baina hain­bat arrazoi tarteko, azken aldian bakoi­tza­ bere aldetik ibili da. Orain­ talde bezala fun­tzio­natzeko pro­zesuan gaude, proiek­tu komun batzuekin, ez ateraldiak egiteko bakarrik». Halere, beldur dira Hezkuntza Sailak koor­dinazioaren irudia desagertuko ote duen. Trabak ugariak direla­ko, eta berriki, adibidez, koordinatzaileei kilo­metrajeak kendu dizkietelako. Itunarekin gauza aunitz bete gabe gelditu direla ere kritikatu dute Fernandez eta Gerekak: «ikasle kopuru jakin bate­tik aitzinera eskoletan administraria jarriko zela erran­ ­eta ez da egin, saio kopuruak jaistekoak ziren eta ez dira egin...». Aldiz, Etxa­larren ongi ate­ra­ dira: «itunarekin gelak zenbat ikasletik goiti bana daitezkeen zehaztu da eta aurten zortziga­rren gela lortu dugu eta ho­rri esker zabaldu da es­kola berria», azaldu digu Remirok. gabeziak eta abantailak Ez dira gutti eskola ttikien gabeziak: arlo ekonomikoan ateraldiak, dieta eta kilometrajeak fi­nan­tzatzeko arazoak dituzte; giza baliabideen aldetik ordezkapenak eta lanak banatzeko arazoak dituzte; espazio aldetik zenbaitetan ere eskas dabiltza; deialdiak eta programak eskola haundiei begira eginak izanda ttikiak aukerarik gabe uzten dituzte... Baina dena ez da txa­rra, eta abantailak ere badira: «adin ttikiagokoek ikasi egiten dute helduagoekin eta zaharragoek, berriz, aitzineko urteetakoa edukiak errepasa­tzen dituzte», dio Baztango koordinatzaileak. Eskola ttikietan irakasle eta ikasle guztien elkar ezagutzen dutela ere gogoratu du Gerekak, eta gurasoekin harremana zuzena dela ere bai. Gaine­ratu duenez, «eskola ttikiak herriko gune eta moto­re garrantzitsua dira, eta batzuetan herriko eginkizun kulturalen euskarri bakarrak». Pedagogikoki «ereduga­rriak» dire­la ere aipatu digu: «Uni­ber­tsitateko peda­go­gia klaseeetan, metodologia eta didaktika klaseetan erakusten diren es­trategia asko eskola ttikietan egunerokoak dira». Gero eta hobeki ikusten dituzte inguruko eskola ttikiak: «oraindik aunitz falta da –dio Fernandezek–, baina orain urte batzuk inor ez ginela eta existitzen ez ginela kontuan hartuz, hobeki gaude. Hortik nahiko genu­ke­e­nera zati haundia gelditzen da, baina jendea konturatzen ari da exis­ti­tzen garela, batik bat, uzten diguten toki guzietan aurpegia sartzen dugu­lako». Eta badute borrokan segitzeko gogoa. Harro daude egiten dutenarekin, eta egiten dutena ezagutarazi nahi dute. «Bertze leku aunitzetan, horrelako gauzak sarituak eta mirestuak dira eta hemen badaezpada ez dugu eskolatik ateratzen egindako lana. Juxtu kon­trakoa egin behar dugu, harro egon egiten dugunaz», aipatu digu Baz­tan­­go koordinatzaileak. Horrez gain, ttiki izatearen izaera erres­pe­ta­tze­ko eskatu diote Uda­lei eta Hez­kun­tza Sailari.

 

Jardunaldiak ilbeltzaren 29an

Nafarroako landa eremuko eskolen jardunaldiak Lekarozen

Aurten lehen aldiz, Nafa­rroako Landa Eremuko Eskola Ttikien Jardunaldiak eginen dira ilbeltzaren 29an, Leka­roz­k­o Irakasle Lagun­tza­ Zentroan. Landa eremuko eskolak ezagutaraztea da helburua, beraien izaera, antolaketa eta lana, hain zuzen. Aldi berean, esko­len arteko elkarla­naren be­rri eman nahi da eta emanen diren hurrengo pau­soak­ finka­tu. Maisu-maistren arteko elkarlanerako zubiak eraikitzeko ere baliatu nahi dira jar­­­dunaldiak, eta esko­la bakoitzaren lana ber­tzeekin konparti­tzeko ere bai. Interesa duten irakasle guz­tiei zaba­lik­­ daude eta hilaren 19a baino lehen apuntatu behar da.

• 10:00 Harrera.

• 10:10 Aurkezpena.

• 11:10 Web orriaren aurkezpena.

• 11:45 Atsedenaldia.

• 12:00 Tailerrak. Txanda bakoitzean tailer batera joateko aukera. Lehen txanda (12:00)

-Emozio hezkuntza Berrikuntza Proiek­tua­ (Igantziko eskola). Euskaraz.

-Kulturgintza (Urdazubi-Zugarramurdi­ko eskola). Euskaraz.

-Zientzia eskolan (Garralda eta Auritz­berriko eskolak). Gaztelaniaz.

-Gure inguruko ipuin eta kondairak (Liza­rraldea). Gaztelaniaz. Bigarren txanda (13:00)

-Emozio hezkuntza Berrikuntza Proiek­tua (Igantziko eskola). Euskaraz.

-Kulturgintza (Urdazubi-Zugarramurdiko eskola). Gaztelaniaz.

-Zientzia eskolan (Garralda eta Auritz­be­­rriko eskolak). Euskaraz.

-Gure inguruko ipuin eta kondairak (Liza­rraldea). Gaztelaniaz.

• 14:00 Osoko bilera eta ebaluaketa.

• 14:30 Bazkaria Iruritan (Olari jatetxea).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun