Iera Agirre leitzarra txapeldun suertatu da “Ni ere pilotari” txapelketan

TTIPI TTAPA 2011ko urtarrilaren 19a

Iera Agirre, infantil mailan lehiatu ziren Amaia Ezkurdia, Itsaso Morato, Ane Garro eta Andrea Kasaresekin batera. Utzitako argazkia

Nafarroa osoko 70 emakume aritu dira paletan, tartean sei leitzar

Nafarroako Federazioko Emakumea eta Pilota Batzordeak aurten bigarren aldiz antolatu du Ni ere Pilotari txapelketa. Abenduaren 12an abiatu zen Agoitzen eta abenduaren 18an Etxarri-Aranazen, urtarrilaren 2an Aurizberrin, urtarrilaren 9an Iruñeko Oberena pilotalekuan eta finalak Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatu ziren urtarrilaren 16an, igandean.

Nafarroako Federazioko Emakumea eta Pilota Batzordeak aurten bigarren aldiz antolatu du Ni ere Pilotari txapelketa. Abenduaren 12an abiatu zen Agoitzen eta abenduaren 18an Etxarri-Aranazen, urtarrilaren 2an Aurizberrin, urtarrilaren 9an Iruñeko Oberena pilotalekuan eta finalak Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatu ziren urtarrilaren 16an, igandean.

Goizeko 09:30ean hasita benjamin, infantil, kadete, jubenil, senior bigarren maila eta senior lehenengo mailako partiduak jokatu ziren hurrenez hurren. Azken partida nagusian, Iera Agirre leitzarra eta Rebeka Contin suertatu ziren txapeldun, final estuan Maite Ruiz de Larramendi eta Maite Urtasun-i 30-28 irabazita. Iera Agirrek aipatu digunez, “Osooo partidu gogorra eta orekatua izan zen, azkeneraino berdinduta iritsi ginen (27nako berdinketa arte) eta azkenean 30 eta 28 irabazi genuen”. Giro ederra izan zen Labriten eta jendeak disfrutatu egin zuen ikusitako partiduekin. Sari banaketan Abel Barriola egon zen eta Iera Agirre herrikideari berak jarri zion txapela.

 

Nafarroako 70 emakume pilotan

“Orokorrean txapelketa oso ongi atera da –aipatu digu Agirrek–, Nafarroan bakarrik 70 bat neska palan jokatzen ikustea oso pozgarria da eta txapelketan parte hartu dugun pilotari guztien ilusio eta gogoak hare handiagoa egin du txapelketa. Beraz, txapelketa bikaina izan da”.

Emakumeen pilota indartzea da txapelketa honen helburu nagusia, eta hala, Nafarroan eta hemendik kanpo pilotan jolasten duten emakumeak gero eta gehiago izatea nahi da. Horien artean, sei leitzar aritu dira: Amaia Ezkurdia eta Itsaso Morato alde batetik, eta Ane Garro eta Andrea Kasares bestetik, infantiletan aritu dira. Enara Lasartek seniorren bigarren mailan jokatu du eta Iera Agirrek senioarren lehenengo mailan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun