Binaka ez ezik, banaka ere txapelak irabazten hasi da erremontean Gorka Urtasun iruritarra. Errege egunean jokatu zen frontoi laburreko Martiko txapelketaren final ikusgarria Labriten eta 30-25 irabazi zion Iñaki Lizaso doneztebarrari. 1986ko maiatzaren 11n Iruritan jaiotako pilotariaren gaztetasuna nagusitu zitzaion Doneztebekoaren beteraniari.
Espezialista handia da Lizaso, baina Urtasunek pilotari eman zion abiadurarekin ezin izan zuen deus egin. Gainera, errebotean ere ongi defendatu zen iruritarra eta jokaldi horrekin tantuak ere lortu zituen. Buruz buru eta frontoi laburrean onenen pare dagoela erakutsi zuen Urtasunek eta titulua lortu zuen, indarrez datorren belaunaldi berriaren ordezkari gisara.
Gorka Urtasun Saldias laxoan eta esku pilotan bikain aritu zen gazte garaian, baina erremontean hasi zen eta duela urte terdi, 2009ko uztailaren 12an debuta egin zuen profesionaletan. Debutaren urtean, Nafarroako Foru Komunitateko txapelketan finalista izan zen Miguel Mari Urrutiarekin batera eta 2010ean txapelketa hori bera irabazi zuen. Pixkanaka estelarretan sartzen ari da eta tokia egiten ari da koadroaren goitiko aldean. Orain, binakako txapelketan toki bat izatearekin egiten du amets.