Eskualdean 1.130 langabeturekin bukatu da 2010. urtea

TTIPI TTAPA 2011ko urtarrilaren 5a

Azaroan baino 10 langabetu guttiago zeuden abendu hondarrean, baina 2009ko urte bukaeran baino 16 gehiago

2010. urte bukaeran 1.130 langabetu zeuden Doneztebeko Enplegu Bulegoan izen emanak, azaroan baino hamar guttiago, baina 2009ko abenduaren 31n baino 16 gehiago. Igoera oraindik larriagoa da 2008ko urte bukaerarekin konparatzen badugu. Orduan 847 langabetu zeuden eskualdean, orain baino 283 guttiago.

2010eko abenduko gorabeherak kontuan hartuz, 297 kontratu egin ziren Doneztebeko Enplegun Bulegoaren bitartez, horietatik 30 bakarrik mugagabeak.

 

25 urtetik goitiko gizasemeetan langabe gehiago

Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean nabarmen goiti egin du langabeziak, 505etik 536ra igo baita langabetu kopurua abenduan (Nafarroako Gobernuak Marmoles Baztan enpresako EREa onartu zuela kontuan hartu behar da) eta adin tarte horretako emakumeen artean, aldiz, 504tik 480ra jautsi da. 25 urtez beheitikoen arteko gizasemetan, 78tik 65era jautsi da langabetu kopurua eta adin horretako emakumeetan, 53tik 49ra jautsi da.

 

Lan arloka

Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak dauka, alde handiarekin, langabetu gehien, baina abenduan 5 lagunetan beheiti egin du, 660tik 655era. Industria arloan ere 3 langabetu guttiago daude, 247tik 244ra jautsi baita. Eraikuntzan ere lau lagunetan jautsi da langabetu kopurua, eta 143 lagun dira orain lanik gabe; nekazaritzan lau lagunetan goiti egin du langabeziak, 24 langabetu ziren abenduan eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean, 64 langabetu ziren urte bukaeran, azaroan baino 2 guttiago.

 

2010 urte hasiera eta uda beltza

2009a 1.114 langabeturekin bukatu ondotik, 2010eko urtarrilean 100 lagun gehiago izan ziren, 1.214. Otsailean 1.194ra jautsi zen (-20); martxoan 1.189 (-5); apirilean 1.149 (-40); maiatzean 1.094 (-55); ekainean 1.016 (-78); uztailean 1.034 (+18); abuztuan 1.105 (+71); irailean 1.137 (+32); urrian 1.116 (-21); azaroan 1.140 (+24) eta abenduan 1.130 (-10).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun