Abenduaren 22an, asteazken eguerdian aurkeztu zen Udalbideren Iruñeko egoitza nagusian Olentzero.net, Olentzeroren Lagunen Elkarteak bultzariko ekimena euskal Eguberrietan "pipa hortzean duela" agertzen den pertsonaia sustatu eta suspertzen laguntzeko helburuz. Horretarako webguneak jokoak proposatzen ditu, argazki eta bideoak partekatzeko aukera ematen du, berriak eskaintzen ditu eta Olentzerok bisitatzen dituen herri eta tokien zerrenda ere ematen du, tartean Euskal Herrikoak zein euskal diasporako datu eta ekarpenak.
Aurkezpeneko partaide izan ziren Bixente Arozena, Udalbideren izenean, Xabier Martinez de Alava, Olentzeroren Lagunak Elkartekoa, Mikel Arbeloa, Proiektuaren koordinatzailea, eta Rafa Eneterreaga, Lesakako Olentzeroren laguntzailea. Eurak azaldu zuten Olentzeroren Lagunen Elkarteak kide dituela, bertzeak bertze, honeako herrietako jendea: Mungia, Lesaka, Baiona, Tutela, Iruñea, Lizarra, Urretxu, Corella, Baztan…
Aldi berean, eta Olentzeroren etorrerari buruz, ezinbertzean Gabon gauean ez duela etorri behar erran zuten, eta leku batzuetan 25ean ere iristen dela; eta Baionara, erraterako, abenduaren 18an heldu zela, eta Otsagabira abenduaren 27an ailegatuko dela [Diasporan abendu hasieran hasten da bisitak egiten eta bukatu, berriz, urtarrilean ere buka dezake, hala nola Bordeleko Eskual Etxearen kasua, non Olentzero besta urtarrilaren 9an izanen den.
Olentzero.net proiektua gauzatzea (berez garatzen ari da oraindik, urrats berriak iragarri baititu- Olentzeroren Lagunen Elkarteari Udalbidek emaniko sostengua medio izan da posible, bat etorri baitira bi erakundeak Olentzero eta bere munduari buruzko jakingarri guztiak plazaratu eta jendearen artean biziarazteko neurrietan. Webgunea euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez irakur daiteke.