Mendiaren Egun borobila ospatu zuen abenduaren 18an Doneztebeko Erreka elkarteak. Egia da goizeko mendi ateraldian, hotzak izututa edo, zortzi lagun bakarrik izan zirela. Baina elurretan ibilaldi ederra osatu zuten Leurtzako zirkoan barrena, bixta zoragarriekin gozatuz. Izan ere egunsenti garbia izan zuten mendizaleek, haizerik gabe eta postaleko paisaia txurien barna egin zuten ibilbidea, Bonozorrotz mendian Errekak duen buzoia bixitatuz.
Kasinoan egindako bazkarian 22 lagun bildu ziren eta banabar eta txuletaz lepo egin zuten.
Eta Juan Vallejok eskainitako Broad Peak 2010 emanaldia zoragarria izan zen. Tenorez ailegatu zen mendizale handia eta bere ikusentzunekoak, zinema kasik bete egin zuen ikusleen gogoa asebete zuen. Ondoko solasaldian ere lasai ederrean aritu zen solasean Juan Vallejo, galderei presarik gabe eta umil erantzunez.
Saskiaren zozketa
Bertze aldetik, egun berean 13:00etan egin zen Erreka elkartearen egoitzan, Eguberrietako sazkiaren zozketa egin zen. 7.123 izan da aurtengo zenbaki sariduna eta Victor del Campok saldua da.